Berriatuko Udalak Martxoak 8ko greba eta mobilizazio deialdiekin bat egingo du
Udalak emakumezko hautetsi eta langileei greba egin ahal izateko erraztasunak eman eta herritarrei mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die.

Otsailaren 25ean edukitako Osoko Bilkuran udalak erabaki zuen Martxoak 8an Euskal Herriko Mugimendu Feministak, eragile sindikal, politiko eta sozialekin batera deitutako 24 orduko grebagaz bat egitea. “Mugimendu feministak deitutako grebara atxikitzea erabaki dugu. Eta Berriatuko Udala osatzen dugun emakumezko hautetsi eta langileei greba egin ahal izateko erraztasunak emango dizkiegu”. Horrez gain, herritarrei mugimendu feministak egun horretarako deitutako mobilizazioetan parte hartzeko dei egin die.
Greba bost ardatzetan antolatzen dela gogorarazi du Berriatuko Udalak: zaintza, lana, pentsiodunak, ikasleak eta kontsumoa. “Greba feminista guztion bizitzan eragiten duten esparruetan kokatzen da: soldatapeko zein doako lanetan, kontsumo ereduan, sexualitatean, arrazakerian eta abar. Horregatik, grebaren bitartez, ardura kolektibotik abiatuta bizitza sostengatzeko itun sozial berri bat eskatzen dio euskal jendarteari, berdintasun erreala eta eraginkorra bermatuko duten politika publikoak burutuz”.