Geoparkeak "kalifikaziorik altuenarekin" gainditu du Unescoren azterketa
Euskal Kostaldeko Geoparkeak bigarrenez lortu du Unescoren Txartel Berdea, eta beste lau urtez Unescoren Munduko Geoparke izendapenari eutsiko dio.

Unescoren Munduko Geoparke izendapenak lau urteko balio edukitzen du. Eta Euskal Kostaldeko Geoparkeari berriro aurten tokatzen zitzaion azterketa. Geoparkeko arduradunek azaldu dutenez, azterketa “kalifikaziorik altuenarekin” gainditu dute. “Euskal Kostaldeko Geoparkeak bigarrenez lortzen du izendapena. Azterketa gainditzeaz gain, Euskal Kostaldeko Geoparkeak zuzentzeko ezer ez daukala dio Unescoren txostenak; ez dute inolako neurri zuzentzailerik identifikatu”.
Leire Barriuso Euskal Kostaldeko Geoparkearen kudeatzaileak “oso pozik” hartu du albistea. Gainera, esan du Unescoren aitorpenak agerian uzten duela proiektu “sendoa eta garrantzitsua” dutela eta egitasmoak Unescoren balioak betetzen dituela. “Aitorpen honek hauspa ematen digu eta lanean jarraituko dugu gure ondare naturala eta kulturala zaindu eta sustatzeko”.
Euskal Kostaldeko Geoparkeko arduradunek gaur (otsailak 26) jakin dute izendapena mantentzen dutela. “Albistea poztasun handiz jaso dute Geoparkea osatzen duten Debako, Mutrikuko eta Zumaiako udalek”. Barriusok esker ona agertu nahi izan die “modu batera edo bestera Geoparkearen parte diren lagunei. “Erakundeei, gizarte, ekonomia eta hezkuntza arloko eragileei, eta, noski, Geoparkeko herritarrei. Izan ere, Unescoren aitortza guztion elkarlanari esker etorri da“.
Unescoren azterketa 2018ko uztailaren 10etik 12ra bitartean egin zen. Jakitera eman dutenez, adituek ikerketa zientifikoaren, kontserbazioaren, hezkuntzaren eta natura-turismoaren alorrean Geoparkeak egindako lanak eta bilakaera aztertu dituzte. Geoparkearen azken lau urteotako kudeaketa eta aurrerapausoak aztertzeko ardura eduki duten bi ebaluatzaileak Mike Sweeney (Irlandako Copper Coast Geoparkeko zuzendaria) eta Marekazu Ohno (Japoniako Unzen Volcano Geoparkeko zuzendaria) izan dira. “Sweeney eta Ohno hiru egunez egon ziren gurean, eta agenda bete-betea eduki zuten; Euskal Kostaldeko Geoparkeko interesgune nagusiak bisitatu zituzten, eta eragile eta erakunde ezberdinetako ordezkariekin elkartu ziren”. Ebaluatzaileak Mutrikun ere izan ziren.