Ibai Arantzamendi Markina-Xemeingo boxeolaria, Bizkaiko pisu astuneko txapeldun
Bilboko Casillan lehiatu zen zapatuan, Bizkaiko Boxeo Txapelketa. Aitor Ugalde izan zuen aurkari.

Ibai Arantzamendi markina-xemeindarrak pisu astunen mailako (91 kg-tik gora) Bizkaiko Boxeo Txapelketa irabazi du. Bilboko Casillan lehiatu zen txapelketan Aitor Ugalde (Izarrak) eduki zuen aurrean Elite Sport taldeko boxeolariak, Markina-Xemeingo erakustaldiko boxeolari bera.
Arantzamendik azaldu duenez, bi boxeolarik parte hartu dute pisu astunen kategorian, eta beraz, finaleko borrokaldira igaro dira zuzenean. Hiru minutuko hiru borrokaldi egin behar izan zituzten, baina bi borrokaldi nahikoa izan zituen Markina-Xemeingo boxeolariak Ugalde KOs gainditzeko.
Aurten, lehenengoz borrokatu du Bizkaiko Txapelketa Arantzamendik. “Iaz tinpanoa zulatu zidaten entrenamendu batean eta ezin izan nuen parte hartu”. Esperientzia ona izan dela azpimarratu du borrokalariak. “Urte bete entrenatzen ibi eta gero, irabaztea sari handia da”.
Bizkaiko garaipena eskuratuta Euskadiko Txapelketa jokatzea espero du orain, Arantzamendik. Hala ere, ez daki bere kategoriako aurkaririk edukiko duen.
Elite eta amateur mailetako borrokaldiak lehiatu ziren zapatuan [otsailak 23] Casillan. Elite mailako beste garaileak Naiara Olmedo (welter arina, 64 kg), Ibai Carmona (euli pisua, 52 kg) Johan Gonzalez (oilarra, 56 kg), Yossef Hamyd (arina, 60 kg), Jokin Garcia (welter arina, 64 kg), Ibai PourriƱos (welter, 69 kg), Jon Kamiruaga (ertaina, 75 kg) eta Teo Creanga (erdi astuna, 81 kg) izan ziren.