Joseba Palenzuela Arrieta izango da Mutrikuko EH Bilduren alkategaia
Maiatzeko udal hauteskundeetarako aukeratutako alkategaia Mutrikuko alkate izan zen 2011-2015 agintaldian.
Mutrikuko EH Bilduk alkatetzarako proposatu dituen bi hautagaien artean bozkatzeko aukera egon da otsailaren 22an, 23an eta 24an, eta bozketan bozka gehien jaso dituen hautagaia izan da Palenzuela; bozken %90 inguru jaso ditu. Koalizio abertzaleak eman dituen datuen arabera, erregistratuta zeuden 182 herritarretatatik 169 lagunek parte hartu dute bozketan. “Gure aldetik eskerrik beroenak luzatu nahi dizkiegu bi hautagaiei erakutsi duten jarrera egokiagatik, eta baita ere bozkatu duzuen guztioi”.
Alkategaia izango dena aukeratuta, hurrengo pausoa zerrenda osoa aurkeztea izango da. Edozein herritarrek bere burua zerrendarako proposatzeko aukera izango duela gogorarazi dute, beti ere zazpi abalen bermearekin. “Bizpahiru asteren buruan zerrenda osoa proposatuko da, eta berriro ere herritarrek izango dute hitza”. Zerrendakideak aukeratzeko bozketa martxoaren 22an, 23an eta 24an egingo dutela iragarri dute.
Era berean, hauteskundeetara begira aurkeztuko duten udal programa osatzen ari da koalizio abertzalea, eta laster kaletarauko dute. Edozein proposamen egin nahi duenak mutrikukoehbildu@gmail.com helbide elektronikora idatzita egin dezake.