Lea-Artibaiko atleta gazteek dominaz bete dituzte lepoak Euskadiko Txapelketan
Donostiako belodromoan lehiatu da asteburuan Euskadiko 16-18-20 urtez azpiko txapelketa.

Garaipenak pilatzen ari dira Lea-Artibaiko atletak. Lekeitioko Tximista atletismo taldeko neska-mutilek lau domina lortu zituzten zapatuan [otsailak 23] Donostiako belodromoan lehiatu zen Euskadiko 16-18-20 urtez azpiko txapelketan, eta Durango Kirol Taldean dauden eskualdeko beste lau kirolarik ere dominak jantzi zituzten.
Tximista atletismo taldeko Nora Agirre Castrok altuera jauzian, Alaine Imaz Cortazarrek pisu jaurtiketan eta Irati Iriondo Erkiagak 60 metroko eta 200 metroko abiadura probetan eskuratu zituzten dominak. Tximista Atletismo taldeak jakinarazi duenez, markak ere hobetu zituzten atletek: “Unai Urkiagak hesietako eta luzerako markak hobetu zituen, Olatz Sustaeta Martinezek ere 60m hesietan marka pertsonala egin eta finalera pasatu zen, Alaitz Zabala Alberdik marka pertsonala lortu zuen hesietan eta Nere Aurrekoetxea Eizagirrek marka berdindu”.

Argazkia: Tximista Atletismo Taldea
Durango Kirol Taldeko atletak, berriz, pisu jaurtiketan eta 1.000 metroko lasterketan nagusitu dira. Sarai Larrinaga Lejardi etxebarritarrak urrezko domina irabazi zuen 16 urtez azpikoen mailako pisu jaurtiketan 11,33 marka eginez, Sara Asenjo Arrien aulestiarra, berriz, hirugarren geratu zen 18 urtez azpikoen mailan 10.97 eginda, eta Aiert Azkarate Beitia ondarrutarrak zilarra irabazi zuen 20 urtez azpiko pisu jaurtiketan 10,95 marka eginda. Izaro Aranburu Rementeria aulestiarrak, ostera, 1.000 metroko lasterketan 3.15 denbora eginda brontzezko domina eskuratu zuen.