Inge Intxauspe Belaustegi lekeitiarrak Amancio Ortega Fundazioaren beka lortu du
Batxilergo lehen maila AEBetan egin ahalko du dena ordainduta. Ia 10.000 ikasle aurkeztu ziren bekak eskuratzeko deialdira.
Canadan edota AEBtan Batxilergoko lehen maila ikasteko Amancio Ortega Fundazioak ematen dituen 600 beketako bat lortu du Inge Intxauspe Belaustegi lekeitiarrak. Lekeitioko Iturriotz institutuko 4. mailan ikasten ari da gaur egun, eta beka horri esker datorren ikasturte osoa (2019-2020) AEBetan egin ahalko du.
Bekak behar dituen zerbitzu guztiak %100 ordaintzen dizkio ikasleari. Hau da, bidaia, tasak, matrikula, janaria, egonaldia, asegurua eta behar duen laguntasun guztia. Familia bategaz biziko da eta batxilergoko lehen mailaren pareko den 11. gradua egingo du ikastetxe batean.
Espainiar Estatu osoko ia 10.000 ikasle aurkeztu dira deialdira; bekak, guztira, 600 dira (100 galiziarrentzat eta 500 beste herrialdeetako ikastetxe guztietako ikasleentzat), eta Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako 24 ikasle izan dira zorioneko, tartean Lekeitioko ikaslea.
Ikasketa-espediente on bat izateagaz gainera, beka lortzeko azterketa batzuk gainditu behar izan dituzte. Inge Intxauspe Belaustegik azaldu duenez, ingelesezko idatzizko proba egin zuen Bilbon lehenengo, eta hori igarota, ahozko proba eta elkarrizketa bat gainditu behar izan ditu. “Azterketa nahiko erraza izan zen, ulermenari eman zioten garrantzi handiena. Elkarrizketan, berriz, egoera batzuen aurrean nola jokatuko nuen galdetu zidaten”.
Pausorik pauso. Ingelesezko idatzizko probatik 1.800 ikasle aukeratu zituzten, eta ahozko ataleko proben ondoren erabaki zuten bekaren jabeak zeintzuk izango ziren. “Ikasleak atzerrira joan eta horrelako esperientzia bat bizi izateko gai diren ikusi nahi izan dute”, azaldu dute Lekeitioko ikaslearen gurasoek. Cikautxo kooperatibak emandako bekari esker alabak hilabetez Irlandan ingelesa ikasten egoteko aukera izan zuela jakitera eman dute. “Esperientzia hori ere bidelagun garrantzitsua izan da beka hau lortzeko”, gaineratu dute esker onez.
300 ikasle Canadara joango dira, beste 300 AEBetara. Intxausperi AEBtara joatea egokitu zaio, baina oraindik ez daki herrialde horretako zein lekutara joango den. Oso pozik dago lekeitiarra, “oraindik ezin sinistuta”. Gogo handia zeukan atzerrian ikasteko, eta urtarrilaren 28an, aukeratua zela jakin zuenean, bere bizitzako amets bat bete zitzaion.
Esperientzia berrirako prestatzen joateko, orientazioa edukiko du martxoko asteburu batean Madrilen (Espainia), eta bide batez, beka lortu duten beste ikasleak ezagutzeko aukera ere izango du.