Hamen Bertokoa proiektua abiarazi dute, Lea-Artibaiko lehen sektorea indartzeko asmoz
Kontsumitzaile, ekoizle eta administrazio publikoen arteko elkarlana beharrezkoa dela azpimarratu dute proiektuaren sustatzaileek gaur goizean Markina-Xemeinen egin duten aurkezpenean.
Hamen Bertokoa elikagaien ekoizpena eta kontsumoa sustatzeko helburua duen proiektua eta marka aurkeztu dituzte gaur [otsailak 28] Markina-Xemeingo Berrikuntza Gunean. Hamen Bertokoa Lea-Artibain ekoiztu edo eta transformatutako elikagaien ekoizpena, salmenta eta kontsumoa merkaturatze kanal laburren bidez sustatzeko elkarlanezko proiektua dela azaldu dute Jon Arriola Berriatuko alkate eta Lea Artibai Garapen Agentziako ordezkariak eta Josu Ogiza Lea-Artibaiko Landa Garapen Elkarteko lehendakariak.
Proiektua bide luze baten emaitza dela esan du Jon Arriolak. “Bide luze bat, plangintza oso bat daukana eta begirada 2027 urtean jarrita duena”. Hemen Bertokoak helburu nagusi bi dituela zehaztu du. “Alde batetik, Lea-Artibaiko lehen sektorea indartu, eta bestetik, Lea-Artibaiko herritarren bizi kalitatea hobetzea”. Helburu nagusi biok lotzeko bidea elkarlana izango dela azpimarratu du Lea Artibai Garapen Agentziako ordezkariak, “bai kontsumitzaile, bai ekoizle bai eta administrazio publikoen arteko elkarlana ere”.
Sorrera. 2012. urtean, Bioberde proiektuaren barruan, Lea-Artibaiko eragile ezberdinen artean hausnarketa prozesu bat abiarazi zutela jakitera eman du Josu Ogizak. “Ikerketa batzuk egin ziren, Lea-Artibaik dituen baliabideak kontuan hartuta, etorkizunera begira lanpostuak sortzeko ze esparru ziren aproposenak ikusteko, eta elikagai osasuntsuen ekoizpena alor estrategikoa izan litekeela ikusi genuen”. Izan ere, azken urteetan, Lea-Artibai mailan, eta oro har Euskal Herri mailan, elikadura osasuntsuaren kezka dagoela nabaritu dute.
Saiakera bat egin nahi dugu eragile ezberdinekin, pixkanaka-pixkanaka denok batera lan egiteko eta gai honen inguruan hausnartu, berba egin eta erabakitzeko
Hala ere, horregaz batera, lehen sektoreak gero eta gainbehera handiagoa duela azpimarratu dute. “Errelebo falta handia da eta lehen lursail oso landuak zirenak gaur egun sasiz beteta daude”. Baina, modu berean, gehienbat 2016tik hona, Lea-Artibai eskualdean elikagai osasuntsuaren inguruko praktika onak ugaritu direla ere aitatu dute. “Ikastetxe batzuetan apustu sendoa egin dute euren jantokiak ahalik eta gehien Lea-Artibaiko produktuez, eta ahal den guztietan, produktu ekologikoez hornitzeko. Markina-Xemeingo Bekobenta eskolan eta Lekeitioko Azkue Ikastolan esaterako”.
Udal batzuk ere, euren plangintza estrategikoetan nekazaritza sendotzeko plana egin dutela zehaztu du Ogizak, Berriatuko Udala dela esan du horren adierazgarri nagusiena. “Azkenean guk gaur kaleratzen dugun proiektu honegaz saiakera bat egin nahi dugu eragile ezberdinekin, pixkanaka-pixkanaka denok batera lan egiteko eta gai honen inguruan hausnartu, berba egin eta erabakitzeko”.
Pausoz pauso. Hausnarketa prozesu horrek guztiorrek fase ezberdinak izan ditu. 2017 urtean bertako elikagaien ekoizpen eta kontsumoari buruzko diagnostiko bat egin zuten, eta 2018an, baserritar, ekoizle zein ostalarien topaketa ezberdinak antolatu zituzten, “sektorea biziberritzeko ideiak eta erronkak elkarregaz lantzeko”.
Orain, alde batetik, proiektua plazaratu eta sentsibilizazio lana egingo dute, eta bestetik, ekoizleen katalogoa osatu eta ekoizle zein merkatari-ostalarien atxikimenduak landuko dute proiektuko kide eginez.
Jakitera eman dutenez, bai ekoizleak eta merkatariak hasi dira proiektura batzen, Lea-Artibaiko elikagaien ekoizpena eta kontsumoa bultzatzeko eta errazteko, eta proiektuak izango dituen tresna ezberdinak ere lantzen hasi dira: irudia, Lea-Artibaiko ekoizleen katalogoa eta webgunea. “Irudi hau ikusiko duzue proiektuko kide egiten diren janari denda, taberna eta jatetxeetan, Lea-Artibaiko produktuak daukatenaren seinale izango da. Lea-Artibaiko ekoizleen katalogoa, bestalde, produktuak eskuratzeko gida bat izango da. Zarratuta ez dagoen katalogoa da eta atxikimenduak batu ahala handitzen joango dena”.
Lea-Artibaiko baserriak, lehen sektorea, dendak eta jatetxeak bizirik mantendu nahi ditugu, baina ez bizirik ozta-ozta, bizirik modu sendo eta iraunkorrean baino
Tresna modura erabiliko dute webgunea ere. Horretan ekoizleak, produktuak eskuratzeko modua, merkatari eta ekoizleen gida agertuko dira. “Hainbat praktika on agertuko dira bertan eta kontsumitzaileok ere kide egin ahal izango gara webgunearen bidez, eta adibidez produktuen zozketetan parte hartu”.
Aurkezpena amaitzeko, Lea-Artibaiko Landa Garapen Elkarteko lehendakariak proiektuaren parte izatera animatu ditu ekoizleak eta herritarrak. “Guk azken finean nahi duguna Lea-Artibaiko baserriak, lehen sektorea, dendak eta jatetxeak bizirik mantentzea da, baina ez bizirik ozta-ozta, bizirik modu sendo eta iraunkorrean baino, eskualdeko bizimodua hobetzeko eta gure landa eremuari etorkizunerako bidea emateko”. Hori guztiori elkarlanaz lortu beharko dela azpimarratu du Ogizak, “eta zenbat eta gehiago bultzatu emaitzak hobeak izango dira”.