Lea-Artibai Amankomunazgoak gizarte zerbitzuak indartzearen eta hondakinen kudeaketan gehiago eragitearen alde egin du
Amankomunazgoak aurtengo aurrekontua onartu du asteon, aldeko sei botogaz, ezezko batekin eta hiru abstentziogaz. Iazko aurrekontua baino %3,49 handiagoa da aurtengoa.
Guztira 4.283.523,34 euroko aurrekontua onartu zuen eguaztenean (otsailak 27) Lea-Artibai Amankomunazgoak. Horrela, aurten iaz baino 144.851,64 euro gehiago (%3,49) edukiko ditu erakundeak. Rakel Elu Bengoetxea Lea-Artibai Amankomunazgoko lehendakariak agertu duenez, “zerbitzuak ahalik eta gehien deszentralizatzea eta herritarrengana hurbiltzea”, eta “hondakinen kudeaketa eraginkorra” egiten jarraitzea izango dira Amankomunazgoaren lehentasunak. Aurrekontua aldeko sei botogaz, ezezko batekin eta hiru abstentziogaz onartu zuen Amankomunazgoak.
Hondakinen sailkapenean “urrats gehiago” eman nahi dituztela argitu du Eluk. “Horretarako, organikoa jasotzeko kit gehiago banatuko dira kitik ez duten herritarren artean eta sortzaile handien artean (tabernariak eta egoitzak batez ere)”. Azaldu duenez, hondakinen sailkapena “hobeto” egiten bada, errefusaren kopurua jaitsi egingo da, ingurumenaren eta kostu ekonomikoaren alde eginez. Hondakinak biltzeko zerbitzuak 1.240.648,85 euroko saila edukiko du; ingurumenera 124.547,56 euroko saila bideratuko dute.
Eluk gaineratu du Lea-Artibai gaikako bilketan emaitza onenak edukitzera ailegatu den Bizkaiko eskualdea dela. “Organiko gehien batzeaz gain, gainerako gaiak ere geroz eta gehiago sailkatzen dira. Puntu mugikorra bezalako ekimenekin, Amankomunazgoa emaitza hobeak lortzeko ahaleginak egiten ari da”.
Adikzioen prebentzioan ikastetxeekin eta kalean gazteekin lanean ari den hezitzailearen lan jarduna %0,80 izatetik jardun osoa izatera pasako da
Gizarte eta hezkuntza arloan eta arlo psikosozialean, zerbitzua, osotasunean lehiaketara aterako dela iragarri dute. “Ia hezitzaile oso baten lan jarduna gehituko da”. Hala, ikastetxeetatik baloratzen diren beharrei erantzun egokiagoa eman nahi die Amankomunazgoak. “Hau da, edozein adineko herritarrei ere hezitzaileen premia dutenean erantzuna ematea nahi dugu”.
Familia aholkularitza juridiko zerbitzua lehiaketa publikoaren bitartez bideratzea lortu dutela ere gaineratu dute. “Legeak eskatzen duenera egokituz, modu horretara zerbitzuari beste egonkortasun bat ematen zaio”.
Txakur guztiek txipa edukitzea nahi dute, galtzen badira ere zuzenean jabeekin kontaktuan jarri ahal izateko. Amankomunazgoa osatzen duten herri guztiei txip irakurgailuak banatu dizkiete
Gazteria alorrean, adikzioen prebentzioan ikastetxeekin eta kalean gazteekin lanean ari den hezitzailearen lan jarduna %0,80 izatetik jardun osoa izatera pasako da. “Hezkidetza programa ere lehiaketa publikaoren bitartez bideratzea lortu da, eta horrela, horri ere egonkortasun bat emango zaio”. Lehiaketa Urtxintxa enpresak irabazi duela esan dute. Oro har, aldundiagaz hitzartuta dagoen Gaztedi programarako 103.040 euroko saila onartu dute.
Gababus zerbitzua ere datozen hileetan lehiaketa publikora aterako dutela esan dute.
Amankomunazgoak txakurren inguruko sentsibilizazioa ere landu nahi duela esan du. “Batez ere nahi duguna da txakur guztiek txipa edukitzea. Horrela, galtzen badira, zuzenean jabeekin kontaktuan jarri ahal gara”. Amankomunazgoa osatzen duten herri guztiei txip irakurgailuak banatu dizkietela esan dute, zerbitzuak “ondo funtzionatzeko”. Horrez gain, Amakomunazgoak urteak daramatza herritarrekin batera txakurtegiaren zerbitzua kudeatzen, eta aurten horretarako diru gehiago bideratzea erabaki dute. “Txakurtegiko egonaldiak oso garestia da, eta horregatik bideratu dugu diru gehiago”.
Azkenik, sindikatuekin eta Lea-Artibai Amankomunazgoko langilekin adostuta, langileen soldatak ere %2,5 igo dituztela esan dute.