Martxoaren 3ko sarraskia gogoratzeko ekitaldia egingo dute Ondarroan
1976ko martxoaren 3ko sarraskia gogoratzeko ekitaldia egingo dute domekan [martxoak 3] Ondarroan. Hitzordua 13:00etan ipini dute, Alamedako monolitoaren parean. Data esanguratsu hori baliatuta, urtero legez, LAB sindikatuak ekitaldi xumea egingo du; aurtengoa Etorkizuna eraikiz, bateratu, borrokatu eta aurrera egin lelopean egingo dute.”Orduko langileen borroka ekarriko dugu gogora, benetako aldaketa soziala, politikoa eta ekonomikoa beharrezkoak direla aldarrikatzeko. Gaur, atzo bezala, arrazoi asko ditugu borrokan jarraitzeko”.
Duela 43 urte Gasteizko Zaramaga auzoan hil zituzten langileen aldarrikapenak oraindik ere bizi-bizirik daudela nabarmendu dute, eta sarraskiaren erantzuleek zigortu barik jarraitzen duela gogorarazi dute. “Egia, justizia eta erreparazioa aitortu gabe ezingo dugu justizia sozial batean oinarritutako etorkizunik eraiki”.
Gasteizkoa langileriak inoiz jasan duen erasorik latzena izan zen. Greba egun bat zen, eta milaka langile zeuden batzar batera joanda, Gasteizko Zaramaga auzoko Asisko San Frantzisko elizan. Batzar baketsua desegiten saiatzeko, elizaren barruan zeuden milaka langileei gas negar eragileak jaurti zizkieten poliziek, indarrez aterarazteko, eta, elizaren ate bakarretik irten ahala, bi mila tiro baino gehiago egin zizkieten poliziek. Bost langile hil zituen Espainaiko Polizia Armatuaren oldarraldiak eta tiroketak, eta 150 zauritu egon ziren.