Euskal Emakume Hautetsien III. Batzarrak martxoaren 8ko mobilizazioekin bat egiteko deialdia egin du
Alderdi politiko eta sentsibilitate guztietako 200 emakume baino gehiago elkartu dira biltzarrean, tartean Lea-Artibaikoak.
Euskal Emakume Hautetsien III. Batzar Berezia egin dute gaur [martxoak 1] goizean Gernikako Batzarretxean, eta egoitzaren jarlekuak bete dituzte berriro ere, alderdi politiko eta sentsibilitate guztietako 200 emakume baino gehiagok. Helburu berak batu ditu guztiak: gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasunean aurre egitea. Lea-Artibaiko hautetsiak ere bertan egon dira.
Musikagaz hartu dituzte emakume politikari eta gonbidatuak barrutira heldu direnean, eta bakoitzak ospakizunerako zapi bat jaso du. Ekitaldiaren lehenengo geldialdia Gernikako arbolaren aurrean egin dute, eta bertan Beti Jai Alai taldeko emakume dantzariek, aintzina janzten ziren moduan jantzita, Lekeitioko Emakumeen Aurreskua dantzatu dute, eta gero, zirkulua osatuz, euskal hautetsiak zapien bitartez elkartu dira. Horrela joan dira, elkarregaz, Gernikako Batzarretxeko ate nagusirantz, eta dantzariek osatu duten igarobidetik sartu dira osokoen aretora. Adarra entzun da, mendeetan Bizkaiko batzarretako saioen hasiera adierazten zuen soinu tradizionala.
Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea buru dela hasi da batzarra. Batzarraren garrantzia azpimarratu ostean, gonbidatuen harmailetan egon diren gizonezko politikariei ere ondo etorria eman die eta “benetako berdintasunaren aldeko borrokan gure ondoan egotea” eskertu die.
EUDELek Emakundegaz elkarlanean prestatu eta Bizkaiko Batzar Nagusiek sinatu duten Martxoaren 8ko Erakunde Adierazpena irakurri dute jarraian. Bizitzak erdira izenburua daukan eta udal guztiek adostutako adierazpenak “emakumeen lan arloko prekariedadea eta pobrezia salatzeko, indarkeria matxista mota guztien kontra burrukatzeko eta bazterketea eta arrazismoa gaitzesteko” beharra azpimarratu du. Adierazpenak neurri zehatzak proposatzen dizkie udalerriei: benetako bardintasun eraginkorra bermatuko duten politika publikoak aurrera eramateko erantzukizuna hartzea, euren politika publikoen erdian zainketa politikak jartzea, eta datorren barikuan, Emakumeen Nazinoarteko Egunean, Mugimendu Feministak deitu duen greba dela eta, udaletako beharginen eta hautetsien greba eskubidea erreztea. Adierazpen horrek herritarrak ere deitzen ditu martxoaren 8an deituta dauden mobilizazinoetan parte hartzera.
Hainbat arlotan behar azpimarragarria egin duten lau profesional ere omendu dituzte gaurko ekitaldian: Maribel Arriortua Markaida zientzialaria, Izaro Andres Zelaieta artista, Adela Andikoetxea Ugarte baserritarra eta Lourdes Moreno Zabala ekintzailea. Lau omenduen berbaldien ostean, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkari nagusiak Atzo-Gaur-Beti aintzatespena eman die, Alazne Zabala Sagarduyk ohorezko aurreskua dantzatu du, eta Izarok, Garazi Esnaolak pianoan lagunduta, XIX. mendeko Iparragirre bardoaren Gernikako Arbola ereserkia abestu du, Euskal Emakume Hautetsien III. Batzarrari bukaera emanez.