Egitarau zabala prestatu dute Mutriku Futbol Taldearen sorreraren 75. urteurrena ospatzeko
75 urte beteko dira aurten Mutriku Futbol Taldea sortu zela. Hori dela eta, futbol taldeak Realaren elkarlanean, hainbat ekintza antolatu ditu. Antzerkia, partiduak, mahai ingurua, entrenamendu saio berezia eta erakusketa antolatu dituzte, besteak beste.
75 urte beteko dira aurten Albizturko Jose Antonio Ezeiza herriko apaizaren ekimenez Mutriku Futbol Taldea eratu zela. Eta urteurren borobil hori ospatzeko kirol eta kultur ekitaldiz betetako egitarau aberatsa prestatu dute Mutriku Futbol Taldeko ordezkariek Realarekin batera elkarlean.
Martxotik ekainera bitartean hainbat hitzordu ekarriko ditu urteurrenak: antzerkia, partiduak, mahai ingurua, entrenamendu saio berezia eta erakusketa antolatu dituzte, besteak beste.
Egitarau bereziko lehen hitzordua martxoaren 18an ipini dute. Realeko gizonezko nagusien taldeak entrenamendu saioa egingo du, 17:00etatik aurrera, San Migel futbol zelaian. Ekintzarik bereziena, berriz, ekainaren 22koa izango dela aurreratu dute. Herri jaia egingo dute, bazkari herrikoi eta guzti frontoian.
Antolatu dituzten ekintza guzti horien xehetasunen berri barikuan [martxoak 1] egindako aurkezpenean eman zuten. Domeka Lasarte Mutriku FTren zuzendariak nabarmendu zuenez, dozena bat herritarren laguntza eduki dute urteurren ekitaldia antolatzeko sasoian. “Urteurrena antolatzeko batzorde bat sortu dute. Horien lana txalotu eta eskertu nahiko genuke”.
Aitor Itza kirol zuzendariak gaineratu zuenez, aurtengoa “urte garrantzitsua” izango da. “Ez ditugu bakarrik kirol ekitaldiak egingo. Hainbat ospakizunen tartean, ekitaldi kulturalak ere antolatu ditugu”.
Joseba Ibarburu Realeko presidenteordeak nabarmendu zuenez, Realak ere urteurren ekimenetan parte hartzea nahi izan du. “Realaren presentzia nahikoa nabarmena izango da ospakizunetan”.
75 urteren ondoren proiektuak indartsu eta bizi-bizi jarraitzen duela azpimarratu zuen Lasartek. Eta alde horretatik, 1944-2019 urte bitarteeko taldearen “historia luzearen laburpenaren” errepasoa ere egin zuten. Taldearen unerik aipagarrienak oroitu eta beste hainbat pasadizoren berri eman zuen Joxe Mari Ulaziak hainbat argazkiren laguntzarekin.
Irudiz irudi, hainbat talde erreferenteren argazkiak agertu ziren proiektatuta, eta baita ere partidarik esanguratsuen berri eman zuen Ulaziak. Tolosaren edo Hernaniren aurka Atotxan jokatutako ligako finalen berri eman zuen, esate baterako. Azken 25 urteotako historiari dagokionez, emakumeen presentzia azpimarratzekoa dela aipatu zuen.
EGITARAUA
- Martxoak 18. Realaren entrenamendu saioa, 17:00etan.
- Maiatzak 24. Gaur egungo futbolari buruzko mahai ingurua.
- Maiatzak 25. Mutriku-Reala beteranoen arteko partidua.
- Maiatzaren 28tik aurrera. 75. urteurrenari buruzko erakusketa.
- Maiatzak 30. Dena ez da futbola gogoetarako elkarrizketa.
- Ekainak 1. Mutriku-Aurrera partidua.
- Ekainak 8. Mutriku-Eibar-Reala emakumeen hirukoa.
- Ekainak 8. Jokoz kanpo antzerki saioa.
- Ekainak 22. Herri jaia.
- Malenetarako. 75. urteurreneko liburua edo aldizkaria.