Ondarroak 3. amaitu du Castroko traineru estropada
Isuntzako gizonezkoen traineruak ere lan dotorea egin du. 5. postuan amaitu dute estropada.
22. Castro Urdiales Hiriko Bandera jokatu zen domeka [martxoak 3] goizean Kantabriako herrian. Estropadan gizonezkoen 22 traineruk parte hartu zuten, eta horien artean Ondarroak eta Isuntzak traineru banagaz parte hartu zuten. Eskualdeko bi traineruak erakustaldi ederra eskaini zuten: ondarrutarrek 3. amaitu zuten, eta lekeitiarrek, bestalde, 5. postuan.
Gizonezkoen estropadari dagokionez, Castroko badiako uretan 6.050 metroko erlojupeko estropada bete behar izan zuten arraunlariek, hiru ziaboga eta lau luzetan banatuta. Ondarrutarrek Santurtzi A eta Bermeo A traineruen atzetik amaitu zituzten lanak, hurrenez hurren. Santurtzi A baino 18,61 segundo beranduago amaitu zituzten lanak eta Bermeo A baino 61 ehuneko beranduago. Bermeotarrak eta ondarrutarrak parez pare joan ziren estropada osoan; ondarrutarrei bigarren postuak azken metroetan ihes egin zien.
Isuntzak, berriz, 5. postuan amaitu zuen estropada; Santurtzik baino 48,39 segundo gehiago behar izan zuten estropada amaitzeko.