Bizkaiko Xendazaletasun Ligaren bigarren ibilaldia egingo da Markina-Xemein inguruetan zehar
Bide polita aukeratu dutela azaldu dute Artibai Mendigoizale Taldekoek. Parte hartu nahi dutenek eguena dute izena emateko azken eguna.
Bizkaian dauden homologatutako bidezidorrak sustatu eta ezagutaraztera emateko asmoz, Bizkaiko Mendizale Federazioak iaz abiarazitako Bizkaiko Xendazaletasun II. Ligaren bigarren ibilaldia egingo da domekan [martxoak 10] Markina-Xemein inguruetan zehar. Joan den urtean modura, Markina-Xemeingo Artibai Mendigoizale Taldeak prestatu du bira.
Ibilaldia edozeinek egiteko modukoa dela azpimarratu dute antolatzaileek. Guztira, 13 bat kilometro izango dira PR-BI 26 eta 26.1, PR-BI 27 eta GR 38 bidezidorretan zehar. Ibilbidea Zelaian hasiko da. Elkartzeko ordua 08:30ean jarri dute antolatzaileek, eta irteera 09:00etan izango da. Bide polita aukeratu dutela azaldu dute Artibai Mendigoizale Taldekoek. “Batez ere Txepetxabixetik Bedartzaundira doan bidea inguruko politena da, eta ez dute askok ezagutzen. Arti, Pago eta hainbat arbola azpitik igarotzen da bidezidorra tarte horretan”.
Ibilbidea. Zelaitik irten eta Boluko zubirantz joango dira, eta han informazio taula aurkituko dute ibiltariek. PR BI-26 bidetik jarraituz, San Jazinto ermita ondotik igaro behar da, eta Torrezar igarota ezkerretara PR BI-26.1etik Atxondoa auzoan barrena sartu behar da Axpe sagardotegirantz. Handik gorantz hasiko da bidea. Astibar eta Gabaro baserrien hondakinak atzean utzita, Aristiederrera iritsiko dira ibiltariak. Bidezidorrak mendian beherantz jarraitzen du Gabaroko Kobau kobazuloraino. Hortik Arrate baserriraino, dena beherantz izango da. Arraten, berriro ere, PR BI-26 bidezidorra hartu eta pista batetik zehar Goierria auzoko Santutxuko ermitara ailegatuko dira xendazaleak. Hortxe GR 38 (Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea) jarraitu, eta Txepetxabixetik Bedartzaundira joko dute, handik Santa Eufemiko zelaira abiatzeko. GR 38 albo batera utzi eta PR BI-27tik jarraituz, Larruz eta Igotz baserrien ondotik igarota, baso bide eta lasterbideetatik Markina-Xemeinera jaitsiko dira ibiltariak.
Bira osoan seinaleak jarrita daudela gogora ekarri dute antolatzaileek. Hala ere, inork okerreko biderik hartzen ez duela ziurtatzeko marka gehiago jarriko dituztela aurreratu dute. Amaieran, bestalde, hornidura gunea edukiko dute parte hartzaileek indarrak berreskuratzeko.
11 Ibilaldi. Markina-Xemeingo Biran parte hartzeko zein Bizkaiko Xendazaletasun II. Ligako beste edozein ibilalditan parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik. Horretarako, Bizkaiko Mendizaleen Federazioaren orrira joan behar da. Federatuta dauden 18 urtetik gorakoek 5 euro ordaindu behar dituzte parte hartzeko, eta federatuta ez daudenek, 8 euro. Federatuta dauden 18 urtetik beherakoentzat irteera doakoa da, federatuta ez daudenek, ostera, 3 euro ordaindu behar dute asegurua. Izena emateko azken eguna eguena [martxoak 7] izango da.
Bizkaiko Mendizale Federazioak iaz martxan jarritako ekimena ez da lehiaketa bat. Ez da proba bakoitzeko azkarrena saritzen, gehien parte hartu eta kilometro gehien burutzen duena baizik. Izena eman eta urteko egutegiaren barruan dauden probetan parte hartzeagatik puntuak gehitzen joaten dira partaideak. Iaz hamabi ibilaldi egon ziren denetara, eta aurten 11 izango dira Bizkaiko xendak ezagutzeko egongo diren aukerak.