Emakume sortzaileen lanak ezagutzera eman ditu Lekeitioko 3. azokak
Lekeitio eta inguruetako emakumeek egindako moda, osagarri, artelan edota eskulanak ikusi eta eskuratzeko aukera eskaini du azokak.
Lekeitio eta inguruko emakume sortzaile eta ekintzaileen hirugarren azoka ospatu zen domekan [martxoak 3] Lekeition. Moda eta osagarriak, okigintza eta gozokigintza edo larruzko produktuak egon ziren plazan, alde batetik, eta moda diseinuak, koadroak, egur lanak eta bolillo erakusketa egon ziren Barandiaran aretoan, bestetik. Lekeitioko Udaleko Emakumea eta Berdintasuna Batzordeak antolatutako azokak emakume sortzaile eta ekintzaileen lana erakutsi eta haien presentzia indartzea du helburu.