Lea-Artibai Amankomunazgoak Martxoak 8ko greba feministagaz bat egingo du
Ordezkari sindikalek proposatuta, iazko 4 orduko lanuztearen ondorioz eta aurtengo egun osoko grebaren ondorioz kobratu gabe geratuko den soldata emakumeen funtsezko giza eskubideak bermatzen lagundu dezakeen proiekturen batera bideratuko dute.
Lea-Artibaiko Amankomunazgoak otsailaren 27an egindako Batzar Nagusian parte hartu zuten ordezkari politiko guztiek erabaki zuen Martxoak 8ko greba feministagaz bat egitea. “Berdintasun mezuarekin bat egiten dugulako eta berdintasunarekin denok irabazten dugulako bat egiten dugu grebagaz”.
Amankomunazgoan lan egiten duten gehienak emakumezkoak izanik, mugimendu feministak egun horretarako deitutako grebagaz bat egitea “oraindik ere premiazkoagoa” ikusten dutela diote. “Egunerokotasunean eragina daukaten politika kultural, ekonomiko eta sozialean behar beharrezkoak diren aldaketak aldarrikatzeko”.
Gaineratu dutenez, langilegoaren ordezkari sindikalek proposatuta, iazko lanuztearen eta aurtengo greba egunaren ondorioz kobratu gabe geratutako soldata zatiak emakumeen funtsezko giza eskubideak bermatzen lagundu dezaketen proiekturen batean inbertituko dituzte.
Rakel Elu Bengoetxea Lea-Artibai Amankomunazgoko lehendakariak argitu duenez, proiektu horren helburua ondokoa da: urrun daukaten familia mantentzeko gure lurraldera etorri diren eta gure etxeetako hainbat pertsona zaintzeko lanean ari diren eta sarri ikusezinak diren emakumeen lana bistaratzea eta euren jabekuntzaren bidetik baliagarria izan daitekeen formazioaren eremuan lan egitea. “Formakuntza horren edukiak greba feministaren aldarrikapenen norabidean izatea nahi da. Horretarako, datozen asteetan, plangina hori arlo honetan lanean diharduten teknikari zein adituekin kontrastatuko dugu”.