Lekeitiarrek amaiera ederra eman diete aratusteei
Eguraldia lagun, kalejira egin dute eskolako eta ikastolako ume, irakasle, guraso eta aiton-amonek Ateatik plazaraino, Lekitto Musika Bandak eta Musikaia Banda Txikik lagunduta.
Inkisizioa, sorginak, astronautak, ipotxak, hippiak, alardea, sufragistak… denak atera dira gaur [martxoak 5] Lekeitioko kaleetara. Asteburuan giroa piztuta, Turuturu Egunagaz amaiera ederra eman diete lekeitiarrek aurtengo aratusteei.
Aurten bai, eguraldia lagun, kalejira egin ahal izan dute eskolako eta ikastolako ume, irakasle, guraso eta aiton-amonek Ateatik plazaraino, Lekitto Musika Bandak eta Musikaia Banda Txikik lagunduta. Festarako gogoz irten dira denak, eta kantuan eta dantzan osatu dute ibilbidea. Bide ertzetan egon dira herritar, senide eta lagun gehiago, mozorroak ikusi eta parte hartzaileak txalotzeko. Plazan ere jarraitu dute kantuan, besteak beste Lekeitioko kanta ezagunak abestu dituzte: Papardua, Antero, San Pedropeko…
Emanaldi bereziekin jarraitu dute festa; batzuk, eskolako jolastokian, eta besteak, herriko frontoian. Emakumeak antzerkia antzeztu dute Azkue Ikastolakoek, Eskolakoen aurtengo gaia, berriz, Kondairen pertsonaia fantastikoak izan da.