Nazioarteko enpresak karbono-zuntzaren aplikazioez aritu dira Markina-Xemeingo Leartiker zentro teknologikoan
Azken urteetan, karbono-zuntzaren erabileran joera positibo argia antzematen dela azaldu dute, eta hurrengo urteetan gorantz egingo duela aurreikusten da.
Karbono-zuntza protagonista izan duen jardunaldia egin dute nazioarteko erakundeek Markina-Xemeingo Leartiker zentro teknologikoan. Aeronautika eta automozioaren sektoreetan karbono-zuntzak eskaintzen dituen ezaugarri eta abantailak aztertu dituzte jardunaldi horietan SMC produkzio lerroa atera duen Sondikako Astar enpresak, material termoplastikoetan karbono-zuntza erabiltzen aitzindaria den Alemaniako Lehvoss-ek, IPPE Austriako Institutu Teknologikoak eta Extracthive enpresa frantsesak.
Leartikerrek ireki zuen jardunaldia Aernnova enpresagaz elkarlanean garatu duen erakuslea ezagutzera emanez. Azaldu dutenez, lan hori Aerocar proiektu europarraren baitan garatu dute. Extracthive enpresako Vanessa Amaralek karbono zuntzaren berreskuratze prozesuaz hitz egin zuen, Alexandro Fabris Levhoss enpresako ordezkariak, substratu termoplastikoetan karbono-zuntzaren erabilera ezberdinak aurkeztu zituen, IPPE Austriako Institutu Teknologikoko Phillip S. Stelzer karbono-zuntzarekin garatutako automozio pieza baten diseinu eta fabrikazio prozesuaren inguruan aritu zen eta Astar enpresako IƱaki Martinez garatzen ari diren karbono-zuntzarekin egindako SMC nahasketen produkzio-lerro berriaz aritu zen.
“Azken urteetan aplikazio ezberdinetarako karbono-zuntzaren erabileran joera positibo argia antzematen da, eta hurrengo urteetan gorantz egingo duela aurreikusten da. Material honen arrakastaren gakoa bere produkzioaren hazkundean eta salneurrian datza”, azaldu dute Leartikerreko arduradunek. Jakitera eman dutenez, automozioaren industriako hornitzaile handiak 2025. urtean kate handietan produzitzen hasiko diren fabrikazio ereduetarako prototipoak garatzen dabiltza, eta, ondorioz, material horren salneurriaren beherakada nabarmena ekarriko du.
Hori dela eta, guzti horrek daukan garrantziaz oharturik, Leartikerren ere material horren aldeko apustua egin dute. “Hala ere, diseinu eta ekoizpen-prozesuetan irizpide konkretu batzuk izan behar dira kontutan eta horren lanketan dihardugu zentro teknologikoan”.