HITZAko emakumeok ere Martxoak 8ko grebarekin bat egingo dugu
Barikuan ez da egunkaririk banatuko, banaketa enpresako emakumeek ere greba egingo dutelako.
Iaz egin modura, aurten ere Lea-Artibai eta Mutrikuko HITZAko emakumeok Mugimendu Feministak egindako deialdiagaz bat egingo dugu. Hala, Martxoak 8an greba egingo dugu. Lantalde osoko kide bakarra egongo da lanean, eta Martxoak 8ko ekintzak landuko ditu. Horrez gain, egun horretan ez da egunkaririk banatuko, banaketa enpresako emakumeek ere greba egingo dutelako. Gainera, HITZAren webguneak ere itxura aldatuko du egun horretan; kolore morez ikusiko da.
Ondoko arrazoiengatik egingo dugu greba:
- Prekarietateak beste edozein emakumeri bezalaxe eragiten digulako. Kontziliazioa ezinezkoa delako gure ofizioko lanpostu askotan. Ordutegi aldrebesak, soldata apalak, enplegua eta zaintza bateratzeko zailtasunak… Asko dira haurrak edukitakoan edo norbait zaindu behar dutenean lanbidetik urruntzen diren lankideak, eta horrek ere nahi baino gehiagotan garamatza generoaren araberako lan banaketara.
- Emakume gisa eta hedabideko langile gisa egunero sufritzen eta ikusten ditugun indarkeria matxista guztiak eta LGTBIfobia salatu nahi ditugulako. Ez dugulako izan nahi urtez urte zenbatzen ditugun hilketa matxisten konplize. Heteropatriarkatu kapitalistak eragiten dituen zapalkuntza ororen aurrean ez dugulako isilik egon nahi. Baita patriarkatuak zapaltzen dituen beste pertsonekiko ditugun pribilegioak identifikatu eta iraultzeko konpromisoa hartu nahi dugulako.
- Emakume garen heinean, emakume izateagatik pairatzen ditugun zapalkuntzak bizitzen ditugulako, eta horien jatorria jarri nahi dugulako jomugan.
- Kazetaritza etikoan sinesten dugulako, egunero saiatzen garelako patriarkatuak zapaltzen dituen pertsonei protagonismoa ematen, eta komunikabideetan egiten den objektualizazio ororen aurka gaudelako. Kazetaritza hutsaletik harago, kazetaritza feminista eta konprometitua egiten saiatzen garelako.
- Greba hau bat datorrelako HITZAn egiten ari garen barne prozesuarekin eta gure balioekin.
- Martxoak 8ko mobilizazioen berri emango dugu webgunean, betiere emakumezko langileon greba eskubidea errespetatuz.
- Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko HITZA argitara dadin, beharrezkoa da askoren itzalpeko lana. Berria taldeak ematen dizkigu proiektu honen azpiegitura lanak egiteko zerbitzuak, eta hauetan emakumezkoak dira gehienak: bezero arreta, administrazioa, telemarketina, publizitatea, zuzenketa… Egunerokoan ikusezin geratzen diren lan horiei guztiei aitorpena egiteko modu bat ere bada greba hau.
Martxoaren 8an, LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO HITZAko emakumeok ere planto!