'Anonima' erakusketa inauguratu dute Markina-Xemeinen
Bilbon egon ondoren, Markina-Xemeinen egin du geldialdia 'Anonima' erakusketak. Berdintasuna ardatz duen arte erakusketa kolektiboa gaur [martxoak 9] inauguratu dute Uhagon kulturguneko lehen solairuan. Sarrera doakoa da. Lanak apirilaren 7a arte ikusgai daude.
Aniztasun funtzional psikiko edo intelektuala duten Bilbao FormArte elkarteko hogei artistak parte hartu dute erakusketan. Artista bakoitzak bere ideia garatzeko aukera eduki du, eta teknika eta euskarri askogaz landutako hemeretzi artelanetan berdintasunari buruz egin duten gogoeta irudikatu nahi izan dute, modu oso didaktikoan.
Aurkezpenean agertu dutenez, artistek inspirazio iturri historian garrantzitsuak izan diren emakumeak izan dira. Era berean, ezkutuan egon diren emakumeen gaitasunak erakutsi nahi izan dituzte. Inspirazioa lortzeko eta sorkuntza prozesua indartzeko, hainbat museoetara egin dituzte bisitak. “Urte osoan berdintasuna landu duten hainbat artistaren erakusketak ikustera joaten gara, eta historian garrantzitsuak izan diren emakumeak ere ezagutzen joan gara”.
Sortzaileek Bilbotik erakusketa beste hainbat tokitan ezagutara emateko gogoa dute, eta Uhagon kulturgunearen gonbidapena zoragarria iruditu zaiela nabarmendu dute. “Gure helburua ikusgarritasuna ematea da aniztasun funtzional psikiko edo intelektuala dutenei. Sorkuntzarako gaitasun handia dutela deritzogu, eta gizartearen oztopoak apurtzen joan behar dugu. Ikusgarria da artista talde honek zelan egiten duen lan; kontutan edukitzekoa da”.
Gaurko ekitaldiari dagokionez, lanak egin dituzten artista gehienak etorri dira inauguraziora. Sortzaileek eta Bilbao FormArteko arduradunek artelanen eta proiektuaren berri eman diete bertaratu diren guztiei. Artistak pozik etorri dira euren lanak erakustera, eta pozik erantzun dituzte bertaratutakoen galderak.
Ikusgai dauden lanen artean, gainera, zeinbat lan interaktibo ere badaude. Sergio Fernandez Gallastegik egindako Nik ere Frida izan nahi dut artelanak, esaterako, erakusketaren parte izateko eskaintza egin die bertaratuei. Nahi izan duenak loredun diadema bat jantzi, eta segundo batzuez Frida Kahlho bihurtzeko aukera eduki du. Artista mexikarra modura jantzita argazki bat atera diete Polaroid makina bategaz, eta ateratako argazkiak horman eskegitzen joan dira, bestelako hormairudi bat sortuaz.
Marisa Gonzalez Martinek eta Claudia Aginaga Gumuziok hiru saretez osatutako artelan interaktiboa ere ikusgai dago. Sareta bakoitzean hainbat koloretako besokoak eskegitzeko gonbitea egin die ikusleei. Ezkerreko aldean, besoko beltzak ikus daitezke, horiek guztiek indarkeria matxistak hildako emakumeak gogoratzen dituzte; besoko bakoitzak emakumearen izena eta eraildako eguna jasotzen ditu. Erdikoan, besoko moreak ikus daitezke eta eskumakoan, berriz, besoko zuriak. Besoko zurietan bakoitzak bere asmoak eta berdintasuna lortzeko ideiak idazteko aukera dauka.
Erakusketa zabalik dago apirilaren 7ra arte Uhagoneko lehenengo solairuan, eta sarrea doakoa da. Honakoa da ordutegia: astelehenetik eguenera, 12:00etatik 15:00etara; bariku eta zapatuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara eta domeketan, 12:00etatik 14:00etara.