Ondarroako Bulkada Egunak hainbat belaunalditako herritarrak batu ditu
'Gazteok 40 urte antolakuntzan eta borrokan. Bulkada berrien garaia da!' leloa hartuta ospatu dute eguna Ondarroan. Hurrengo gazte belaunaldiari lekukoa ematea da Ernai Gazte Antolakundeak antolatutako Bulkada Egunaren helburuetako bat.
Jarrai Ezker Abertzaleko Gazte Erakundearen 40. urteurrenaren harira, Bulkada Eguna ospatu dute gaur [martxoak 9] Ondarroan. Hain zuzen ere, urte luzez borrokan eta antolakuntzan ibilitako militanteak batu dira Gazteok 40 urte antolakuntzan eta borrokan. Bulkada berrien garaia da! leloa hartuta.
Besteak bete, Jarrai Ondarroan sortu zuteneko lehenengo kideak bertan izan dira, baita ere 40 urte hauetan taldeagaz lotura izan duten herritarrak. “Egun honen berezitasunik handienetarikoa, ziurrenik, adin, errealitate edo egoera oso ezberdinetan ibilitako jendea batu, eta egun hau aurrera ateratzea lortu dugula da”.
Gaineratu dutenez, hainbat belaunalditako herritarrek gauza asko elkarbanatzeko aukera eduki dute bulkaden dinamikari esker. Are gehiago, dinamika oso garrantzitsua dela nabarmendu dute. “Iraganean ibili direnekin konpartitutako momentu honek indar handia emate digu bulkada berrioi aurrera jarraitzeko, lehengoagaz sekula ahaztu barik, baina etorkizunera begira beti”.
Hain zuzen ere, hurrengo gazte belaunaldiari lekukoa ematea da Ernai Gazte Antolakundeak antolatutako Bulkada Egunaren helburuetako bat. Hori dela eta, orain arte egindako ibilbide guztiari gogotsu jarraipena emateko antolatuta jarraituko dute Ezker Abertzaleko gazteek. “Indarrak batu eta euskal estatu independiente, feminista, sozialista, anitz eta euskalduna sortzerako bidean gogor eta tinko jarraituko dugu. Borrokak merezi duelako, militantziak merezi duelako, baina, batez ere, eta denaren gainetik arrazoia dugulako”.
Ekitaldi politikoan gazte antolakundearen historia ekarri dute gogora, eta amaitzeko, herritik ehunka kilometrora espetxeratuta dauden Ibon Iparragirre, Asier Badiola eta Aitzol Etxaburu preso politiko ondarrutarrak eta euskal preso iheslari politiko guztiak gogoratu nahi izan dituzte.
Ekintzekin jarraitzeko Bulkada argazkia atera dute Zubi Zaharreko eskaileretan. Alde Zaharrena Triki-pandero-poteoa egin ondoren, 15:00etan, militante eta militante ohiek bazkaria egin dute Txokoan. Eguna Musika Plazako kontzertuekin amaitu dute.