48 bertsolarik parte hartuko dute aurtengo Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Sariketan
Martxoaren 13an hasiko da txapelketa, Mungian. Lea-Artibaiko taldeak martxoaren 21ean jokatuko du kanporaketa saioa, Markina-Xemeinen.

Aurtengoa 27. Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Sariketa izango da. Eguaztenean hasita (martxoak 13) , guztira 48 bertsolari gaztek parte hartuko dute lehiaketan. Lau kanporaketa saio eta bi finalaurreko jokatuko dira, eta finala aprilaren 3an izango da, Bilboko BBK Aretoan. Txapelketaren helburua da bertsolari gazteei aukera bat ematea. “Euren burua proban jartzeko ekimena izan da”.
Lehiaketa gaur [martxoak 11] aurkeztu dute. Ondokoek aurkeztu dute: Ixone Zubieta BBKren eleduna, Juanjo Respaldiza Ikastolen Elkartearen bertsolaritzaren arduraduna, Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkartearen ordezkaria eta Onintza Enbeita Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren irabazlea.
Aurreko urteetan egin legez, aurten ere taldekako formatuan egingo da txapelketa; zortzi taldek parte hartuko dute, eta talde bakoitza sei bertsolarigaz osatuta egongo da. Ondokoak dira parte hartuko duten eskualdeak: Lea-Artibai, Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri-Ezkerraldea eta Hego Uribe.
EGUTEGIA:
- Martxoak 13 (Mungiako Torrebillelan, 11:00etan): Uribe Butroe-Busturialdea
- Martxoak 14 (Igorreko Arratia institutuan, 11:30ean): Hego Uribe-Arratia
- Martxoak 20 (Zallako Zine Antzokian, 10:00etan): Enkarterri-Ezkerraldea/Uribe Kosta
- Martxoak 21 (Markina-Xemeingo Kultur Aretoan, 10:30ean): Lea-Artibai/Durangaldea
- Martxoak 27-finalaurrekoa (Deustuko Bidarte kulturgunean, 10:45ean): Martxoaren 13ko eta 14ko irabazleak
- Martxoak 28-finalaurrekoa (Sopelako Ander Deuna ikastolan, 09:00etan): Martxoaren 20ko eta 21eko irabazleak
- Apirilak 3-finala: Bilboko BBK Aretoan, 18:00etan