Leire Etxaniz Etxebarriko pilotaria, berriz ere, Emakume Master Cup txapelketaren finalean
Lehia estu baten ondoren, Maite eta Olatz Ruiz de Larramendiri 18-17 irabazi zieten Leire Etxanizek eta Leire Garaik. Patri Espinar eta Mirian Arrillaga izango dituzte finalean aurkari.
Lortu du aurten ere; Leire Etxaniz Bengoa Etxebarriko pilotariak Emakume Master Cup Txapelketako finala jokatuko du. Leire Garaigaz bikotean ezinezkoa zirudien garaipena eskuratu zuten atzo [martxoak 10] Errenteriako Agustina Otaola pilotalekuan jokatu zuten lehen mailako finalerdian. Partidua borrokatu eta aurrera egitea erabaki zutela azaldu du Etxebarriko kirolariak, eta ahaleginak bere fruitua eman zuen.
Emozioa izan zen nagusi amaierara arte. Maite eta Olatz Ruiz de Larramendik esku eskura eduki zuten eurentzat lehen finala izan zitekeenaren txartela. Izan ere, 14-17 aurreratu ziren, baina ez zuten partida amaitzeko gaitasunik eduki. 504 pilotakada eman ziren 48 minututako lehia estu eta orekatuan.
Guztira, 9 berdinketa egon ziren partidan, eta lehia Leire Etxanizek 5-4 koan izandako orkatilako okerdurak baldintzatu ahal bazuen ere, Etxanizek ez zuen amore eman. “Asko sufritu genuen. Orkatilako minaren ondoren, beldurragaz ibili nintzen, baina partida aurrera atera genuen”, argitu du pilotariak.
Ahaleginaren ordaina. Hamaikanako berdinketan apurtu zen partida, hortik aurrera nafarrak nagusi izan ziren. Aurrean aritu zen Maite Ruiz de Larramendik min handia egin zuen boleaz, eta Olatz Ruiz de Larramendik eskuin indartsua duela erakutsi zuen markagailuan zulo handia irekiz. Hala ere, gasteiztarrak eta bizkaitarrak ez zuten etsi. Etxaniz jokoa nahasten saiatu zen, gehiago arriskatu eta bi paretakoan aurkitu zuen partida iraultzeko bidea. Halaxe lortu zuen partida amaitzeko tantoa, Agustina Otaola pilotalekuan zeuden pilotazale asko euren eserlekuetatik altxaraziz. “18ra heldu arte jarraitu egin behar da, eta jarraitu egin genuen, eta partida irabaztea lortu. Atzo demostratu genuen sufrituta partida aurrera atera ahal zela. Lanean jarraitu genuen, pixka bat arriskatzen ahalegindu ginen eta ondo atera zitzaigun, eta partida irabaztea lortu genuen horrela”.
Jokatutako lehen mailako finalerdietako bigarren partida ere tanto bakarraren aldeagaz erabaki zen eta Patri Espinarrek eta Mirian Arrillagak egin zuten aurrera. Laurak egongo dira domekan [martxoak 17] Zumarragako Beloki frontoian jokatuko diren finaletan. “Atzo partida ona egin zuten. Nahiz eta azkenean asko sufrituta irabazi 17-13 irabazten joanda 17ra berdindu zieten-eta. Domekan akats gutxien egiten dituen bikoteak eramango du txapela nire ustez. Partida gogorra izango da”.
Bestalde, masajistarekin egon ondoren hobeto dagoela jakitera eman du Leire Etxanizek. “Aitzakiarik ez da egongo finalerako”.
Lehen mailako finalerdietako emaitzak:
Maite eta Olatz Ruiz de Larramendi 17 / Leire Garai-Leire Etxaniz 18
Patri Espinar-Mirian Arrillaga 18 / Iera Agirre-Olatz Arrizabalaga 17