Mutrikuko Gaztetxiak jasoko du 2019ko Berdel Aipamena
Udalak jakitera eman duenez, bozketan, guztira, 266 boto jaso dira, eta Mutrikuko Gaztetxiak 93 bozka jaso ditu; hau da, botoen %34,96a jaso du.
Berdel Eguneko jaiaren ospakizunaren baitan Berdel Aipamena eman ohi da urtero, nolabait Mutrikuren onerako lan egiten duten herritarren, elkarteen, taldeen… lana eskertzeko ideiarekin. Eta aurten, saria emateko prozesua amaitu ondoren, herritarrek Mutrikuko Gaztetxia aukeratu dute bozketa bidez.
Udalak jakitera eman duenez, bozketan, guztira, 266 boto jaso dira, eta Mutrikuko Gaztetxiak 93 bozka jaso ditu. “Herrian ekintza, kontzertu, hitzaldi eta beste hainbat ekimen antolatzen dituzte eta gainera, gazte asanblada, asanblada kulturala eta haur eta guraso asanbladen bitartez martxan dabiltza herriari bizitasuna ematen”.
Bost ziren saria jasotzeko hautagaiak, eta udal iturriek nabarmendu dutenez, hautagai guztiek jaso dituzte botoak. Mutrikuko Gaztetxeak botoen %34,96a jaso du, eta atzetik geratu dira, hurrenez hurren, Arrantza sektoreari loturiko lagun taldea (Jesu Mari eta Juan Mari Masillak, Jose Agustin Paletas, Jose Ignacio Arrizabalaga eta Jesus Basterretxea Txordo) botoen %24,44arekin, Herriko abesbatzak (Anaiarte, Kantuz Bizi eta Madalen) botoen %21,43arekin, Mutriku Futbol Taldea botoen %13,91arekin eta Erik Mendizabal botoen %5,26arekin.
Saria martxoaren 29an udaletxeko areto nagusian egin den ekitaldian banatuko dute. 20:00etan ipini dute hitzordua, eta udalak herritar guztiak gonbidatu ditu.