Oihana Kortazarrek Tres Valles mendi lasterketa irabazi du
Nagusitasun osoz irabazi du lasterketa. Mutrikun bizi den mendi korrikalari elgetarrak 4 ordu, 34 minutu eta 43 segundo behar izan ditu proba amaitzeko.
Mendi lasterketa domekan [martxoak 10] jokatu zuten Salamancako (Espainia) Las Batuecas- Sierra de Francia Parke Naturalean, eta IV. Tres Valles proba irabazteko faborito nagusia zen Paula Cabrerizorekin batera. 35 kilometroko eta 2.500 metroko desnibel positibodun lasterketa teknikoa nagusitasun osoz irabazi du mutrikuarrak 4 ordu, 34 minutu eta 43 segundo behar izan zituen proba amaitzeko, hurrengo sailkatua baino ia 45 minutu gutxiago.
La Albercako plaza nagusian sartzen hurrengoak Desire Parajon (05.19.24) eta Raquel Ronco (05.23.26) izan ziren.
Lasterketa hasieratik mendean hartu zuen. Lehen kilometrotik lidertzan ipini zen, eta bera bakarrik joan zen lasterketaren aurrean. “18. kilometroaren inguruan, jaitsiera batean, Paula Cabrerizok harrapatu egin ninduen, eta hurrengo hornidura puntura arte batera joan ginen. Kilometro batez, berak ezarritako erritmoari eutsi nion, eta, zorionez, hornidura puntutik lehenago irtetzea lortu nuen. Ondoren, berari baino niri mesede gehiago egiten didan lur mota zetorren, eta hor berriro ere aurrea hartzea lortu nuen”.
Kortazarrek aitortu duenez, nahikoa erritmo “erosoan” hasi zuen lasterketa, baina Cabrerizo atzetik segika zuela ikusita, erritmoa bizitu egin behar izan zuen. Aurreko postuetan ibili ziren biak, baina lasterketaren azken zatian, 25. kilometro inguruan, Cabrerizok lasterketa utzi behar izan zuen arazo fisikoengatik. “Lasterketa amaitzeko bi kilometro falta zirela baieztatu zidaten Cabreroak lasterketa utzi zuela”.
Lasterketa pozik amaitu zuela azpimarratu du. “Urritik mendiko lasterketarik egin gabe nengoen, eta niretzako erronka handi bat zen lasterketa hau ondo egitea. Izan ere, denboraldiko lehen lasterketa luzea izateko 35 kilometro asko dira”.