PERUrEKIN elkarteak bigarren eskuko azoka solidarioa egingo du Ondarroan
PERUrEKIN gobernuz kanpoko erakundeak antolatu duen azoka solidarioak zapatuan [martxoak 16] zabalduko ditu ateak, eta martxoaren 24ra bitartean, bigarren eskuko hainbat gauza salduko dituzte prezio sinbolikoan.
Azoka zabalik dagoen tartean materiala biltzen eta saltzen ariko dira Alamedako udal erakusketa aretoan. Herritarrei erabiltzen ez dituzten edo behar ez dituzten gauzak eramateko deia egin diete elkarteko kideek. Hori bai, erabilgarriak direnak eramateko azpimarratu dute, apurtutakoek ez dute balio eta. Edozein gauza ondo etorriko zaiela nabarmendu dute, baina, batez ere, jostailuak, liburuak edo etxerako apaingarriak behar dituztela aitortu dute.
Elkartekoek herritar guztiak azokara hurreratzera gonbidatu dituzte. Izan ere, herritarrek era batera edo bestera laguntzeko aukera edukiko dute. Azokarako gauzak emanda edo bertan erosteaz gain, nahi duenak, borondatea ematea aukera edukiko duela gogorarazi dute. “Zenbat diru gehiago batu, hobe”. Batutako dirua Perura (Hego Amerika) bidaliko dute; haurren aurkako indarkeriaren aurkako proiektu batean laguntzera bideratuko dute, hain zuzen.
Azoka dagoen bitartean, gainera, elkarteko kideak bertan egongo dira nahi duenari egiten duten lanari buruzko informazioa eman edo laguntzen duten proiektuei buruzko xehetasunak emateko.
Azokaren ordutegiari dagokionez, astegunetan 19:30etik 21:00etara zabalik egongo da, eta asteburuan, berriz, 10:30etik 14:00etara.