Basondartza Eskola: Haurraren erritmoa errespetatuz
Aurreko ikasturtean Txantxilikota baso eskola jarri zuten martxan Ziortza-Bolibarrren. Oraingo honetan, Basondartza Eskola eratu dute, eta Ziortzako basoan eta Ondarroan biltzen dira umeak.
Umeek euren iniziatiba bultzatu eta berezko erritmoa errespetatuko duen ereduan ikasteko aukera eskaintzen du Basondartza Eskolak. Sormena garatuz eta autoestimua indartuz, taldean lan eginez eta komunikatuz ari dira. Era berean, natura eta inguruagaz errespetuzko harremana izango duten pertsonak izan eta beraien berezko gaitasunak ahalik-eta gehien lantzeko helburua dute.
Ikasturte honetan eratu dute Basondartza eskualdeko hiru familiak. Baina, euren proiektua ez da ezerezetik sortu. Aurreko ikasturtean, Txantxilikota baso eskola jarri zuten martxan, Ziortza-Bolibarren, eta esperientzia haren ondorioa da honako hau. Hain zuzen, aurreko esperientzia hura oso positiboa izan zela dio Ainara Aldazabal gurasoak.
Azarotik, astean behin, Ziortzako basoan elkartzen dira umeak, eta beste bi egunetan, berriz, Ondarroan egoten dira. 10:00etatik 13:30 aldera batzen dira.
Irakasle figuraren ordez, bidelaguna dute, eta haren zereginaren oinarri nagusietako bat da behaketa lana. Belen Lakuntzagaz egoten dira haurrak. Aurreko ikasturteko proiektua ezagutzen zuen, eta orain gustura dago proiektuan murgilduta. Gizarte hezitzailea da bera, eta baso eskolen formakuntza jasotzen ari da Donostian: “Bi modulu egin ditut, eta gero maiatza eta ekaina bitartean beste formakuntza bat egingo dut”.
Esperimentatzen. Gorputza askatasunean erabiltzen dute, motrizitate fina eta mardula naturalki landuz. Jakin-mina esperimentazioaren bidez asetzen dute, modu naturalean, eta arriskuen balorazioa eurek egiten dute. Umeei balio erantsi bat eskaintzen dietela azpimarratu dute gurasoek.
Ziortzako monastegiaren parean batu, eta segituan basoan murgiltzen dira. Etxola ere badute bertan, behar izanez gero, aterpea izateko. Ondarroan daudenean, ostera, garai bateko euskaltegiaren eraikinaren barruan duten gelan biltzen dira. Handik kalera ateratzen dira txangotxoak egitera. “Gela barruan gaudenean, jolas librean aritzen dira edota euren nahiaren arabera egiten ditugu gauzak”.
Besteak beste, umeen sormena garatzea eta autoestimua indartzea dira proiektuaren oinarriak
Montessorin oinarritutako materiala daukate gehien bat, baita puzzleak eta ipuinak ere. “Material naturalak dira. Montessorin esaten da material didaktikoa deritzona bilatu beharrean, material sinpleak erabiltzen direla: egurra, kateak, tamaina desberdinetakoak… Umeak hortik ateratzen du jolasteko behar duena”.
Gurasotasunetik irten zen proiektua. Batzuek zein besteek, haurdunaldian umeen hezkuntzarekiko kezka zuten. Orduan sortutako zalantza, kezka edota eztabaidaren ondorioa da. “Aurrera begira, umeak hasten zirenerako zein hezkuntza eredu nahi genuen edo ze eskola eredu eskaini nahi genien hausnartzen hasi ginen”, azaldu dute Ondarroako bi familiek. Horretan zirela, Txantxilikota baso eskolaren proiektuaren berri izan zuten, eta alternatiba modura ikusi zuten: “Gure umeak oraindik ez zeuden eskolatuta eta aurtengo ikasturtera begira alternatiba edo bide bat topatu genuen. Begiak asko ireki zizkigun”.
Seme-alabek eguneroko jarduerek ekar ditzaketen ikaskuntzak “modu inplizitu batean barneratzea” da gurasoen asmoa. Eguneroko gauza sinpleak, umeekin errespetuz lantzea onuragarria dela argi daukate; gauza txikiekin antolatzen ikasteak asko laguntzen dietela deritzote. Egunerokotasuneko ekintzak umeen erritmoaren arabera lantzea da giltzarria.
Irakaskuntza berezkoa, naturala da. Umeei interesa sortzen zaienean laguntzea, eta umeak emozionalki segurtasuna edukitzeari garrantzia nabarmendu dute: “Pentsatzen dugu seguru sentitzen den umeak jolasteko gogoa eta ikasteko gogoa edukiko duela”. Emozioei euren lekua eta denbora ematen diete. “Adibidez, ume bat haserre badago, haserrealdi horren prozesu guztia errespetatzen badiogu, berarentzat ez ezik talde guztiarentzat da ona”, dio Lakuntzak. Une bereziak eta politak bizi dituztela zehaztu du bidelagunak.
Momentuan momentukoa bizi dute; umeak daude erdigunean eta euren interes, nahi zein beharrizanetara egokitzen da bidelaguna. Hiru familien berbetan, oso aberasgarria da. “Apur bat ikuspegia zabaltzea da. Norbere umeari ahalik eta aukera onena eskaintzea da. Errealitatera moldatuta, sorkuntza baten moduan sentitzea”.
Gogoeta sakonaren ondorioa da hartu duten erabakia. Kanpo espazioa inguru natural batean kokatuta egoteari berebiziko garrantzia ematen diete. “Horrek aberastasuna ematen diete umeei. Esaterako, hasieran, baserri batean pentsatzen genuen, ortuan umeekin aritzeko aukera izateko. Modu naturalean hainbat ariketa edo gauza ateratzen direlako”. Hala, Ziortzako basoan naturagaz harreman zuzena daukate, eta Ondarroan herriagaz zein itsasoagaz. “Garrantzitsua baita umeak beren inguruagaz harremana edukitzea, eta ezagutzea; herriaren bizitzaren parte izatea”.
**Proiektuaren aurkezpenak. Basondartza Eskola osatzen duen guraso taldeak euren proiektua ezagutara emateko aurkezpenak egingo ditu eskualdean.
- Martxoak 15: Markina-Xemeingo Uhagonen, 18:30ean.
- Martxoak 16: Ondarroako Kofradia Zaharrean, 12:00etan.