Emakume zaintzaileen egoeraz hausnartuko dute Lekeition
Lekeition bizi diren emakume migrante askok baldintza prekarioetan lan egiten dutela azaldu dute Potxuak Martxan eta Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteetako kideek.
Lekeitioko Potxuak Martxan emakume taldeak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak antolatuta, etxeko lanetan eta zaintzan diharduten emakume langileen eskubide eta egoerari buruzko hitzaldia egongo da domekan [martxoak 17], 17:30ean, Lekeitioko Nagusien Etxean. Hitzaldiaren helburua etxeko lanetan eta zaintzan diharduten emakume migrante askok pairatzen duten egoera bistaratu, dituzten eskubideak ezagutzera eman, eta egoeraren aurrean hausnartu eta kontzientzian eragitea dela jakitera eman dute antolatzaileek.
Azaldu dutenez, Martxoaren 8aren inguruko ekimenak prestatzen ari zirela, etxeko lanetan eta zaintzan diharduten Lekeition bizi diren emakume migrante askok pairatzen duten egoera gordinagaz aurkitu ziren. “Dituzten baldintzak direla eta, ezkutuan zegoen egoera bat zela ikusi genuen. Lan baldintza eskasak dituzte, zazpi egunetako eta 24 orduko jardunaldiak eta kontraturik barik lan egiten dute batzuk esate baterako”, azaldu dute. Hori dela eta, beraiengana hurreratu eta hartu emanean jarri ziren. “Ordutik pare bat deialdi egin ditugu elkartzeko”. Hitzaldiaren ondoren ere, Lekeition bizi diren emakumeen artean elkartasun sare bat sortu nahi dute, hartu emana eraiki eta sendotu asmoz. Hau da, espazio bat zabaldu nahi dute topaketarako.
Ikusezin. Gizarteak etxeko lanak eta zaintza lanak egiten dituen beharginen sektorea ikusezin bihurtzen duela diote. “Gehienak etxe barruko langileak dira, etxetik ere ezin dira atera kasik, eta lan baldintza oso eskasak dituzte. Gainera egoera horren kontzientzia falta da. Argi dago guk ere ez daukagula horren kontzientziarik, lekeitiarrok ere migranteen egoeraz aprobetxatzen gara eta zaintza lana oraindik ere gehiago ikusezin bihurtzen eta prekarioago egiten laguntzen dugu”.
Errealitate “gogor” bategaz aurkitu direla esan dute. “Badakigu gai gordina dela, azken finean, gizarte honetan zaintza baloratuta ez egoteak dakar guzti hau. Gobernu eta estatuek ez dute zaintzaren ardura bereganatzen, eta orduan, norbere ardura bihurtzen da, eta bakoitzak aurkitu behar du bere modua, esate baterako, bere gurasoak zaindu ahal izateko”. Hori dela eta, etxeko langileen eskubideen inguruko kontzientzi lanketa bat egitea beharrezko ikusten dute, eta hitzaldia horretarako bide ere izatea nahi dute. “Zaintzaren inguruan ematen diren eskubide urraketen kontzientzia izateko, kontratuak zelan egin daitezken ikusteko eta beharginek eurak ere dituzten eskubideen jabe egiteko”.