Domekatik martitzenera arte jokatuko dute txapelketa. Hamar probalarietatik hiru Lea-Artibaikoak dira.
Aulestiko Zaldi Mando Proben Txapelketa Jabier Urberuaga eta Juan Felix Ansotegi Antso memoriala hiru egunetan lehiatuko dute.
Domekan (martxoak 17) egingo dute lehen saioa, eta hiru probalari ariko dira zein baino zein gehiago. 18:00etatik aurrera, Nabarniz Jatetxearen, Guriezoko Fermin Santamariaren eta Gamiz-Fikako Construcciones Torrontegiren zaldien arteko demaz gozatu ahalko dute probalekura hurbiltzen direnek.
Astelehenean ere hiru zaldi ariko dira lehian, eta horietako bat etxekoa izango da, Juan Uriarterena, hain zuzen. Etxebarriako Gindirena eta Guriezoko Javier Peñarenak izango dira beste biak. Asteleheneko saioa 21:00etan hasiko da.
Hala, martitzenean erabakiko da 2019ko Aulestiko Zaldi Mando Proben Txapelketaren irabazlea. Azken egunean, lau probalarik parte hartuko dute: Aulestiko Kobak, Maumeko Baraiazarrak, Etxebarriako Adorrixa Anaiak eta Mungiako Goieta Tabernak. Lehen egunean moduan, 18:00etan hasiko dira lanean.
Domekan eta martitzenean 17:00etatik aurrera egingo dituzte pisaketak, eta astelehenean, 20:00etatik aurrera. Abereen oinarrizko pisua 400 kilokoa izango da; gehiago pisatuz gero, kilo bakoitzeko kilo bateko gainkarga hartuko dute. Aulestiko 1.050 kiloko harriagaz, zaldi mandoek ahalik eta untza gehien lortu beharko dituzte ordu erdiko tartean. Saio guztiak Bizkaiko Kirol Federakundearen ordezkariek kontrolatuko dituzte.
Beste behin, Aulestiko Udalak sari potoloak prestatu ditu, laguntzaile eta babesleen laguntzagaz. Txapeldunak Aulestiko Udalaren manta, 800 euro eta Urdakik emandako urdaiazpikoa irabaziko ditu. Txapeldunordeak Urdakik emandako txakolin kaxa eta 700 euro jasoko ditu, eta hirugarren sailkatuak, 650 euro eta hiru txakolin botila eramango ditu etxera.
Lea-Artibaikoen artean lehenengo sailkatzen dena, berriz, Ibetarrik emandako manta, 200 euro eta Sagarmiñak emandako txakolin kaxagaz sarituko dute.
Txapelketaren lehen hamar sailkatuentzat zein eskualdeko lehen hirurentzat prestatu dituzte sariak. Lea-Artibaikoak hiru probalari direnez, guztiek jasoko dute sariren bat.
SARIAK:
- 1.- 800 euro, Aulestiko Udalaren manta eta Urdakik emandako urdaiazpikoa.
- 2.- 700 euro eta Urdakik emandako txakolin kaxa.
- 3.- 650 euro eta hiru txakolin botila.
- 4.- 600 euro.
- 5.- 550 euro.
- 6.- 500 euro.
- 7.- 450 euro.
- 8.- 400 euro.
- 9.- 350 euro.
- 325 euro.
**LEA-ARTIBAI MAILAKOAK:
- 1.- 200 euro, Ibetarrik emandako manta eta Sagarmiñak emandako txakolin kaxa.
- 2.- 150 euro eta Urdakik emandako hiru txakolin botila.
- 3.- 115 euro eta hiru txakolin botila.