Herritarrak Itziarren egingo duten zuhaitz landaketan parte hartzera gonbidatu dituzte
150 bat zuhaitz eta zuhaixka landatuko dituzte Itziarko Elorriagako jabego publikoko lursailetan, aurreko urteetan egindako landaketak osatuz.
Itziarko Auzo Udalak, Lizarbe Guraso Elkarteak eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin zuhaitz landaketa egingo dute domekan [martxoak 17] Itziarko Elorriagako lursailetan. Antolatzaileek inguruetako herritarrak egitasmoan parte hartzera gonbidatu dituzte.
Hitzordua 09:30ean ipini dute Elorriaga auzoko Galarreta gainean, eta landaketa 12:30ak bitartera luzatuko dela iragarri dute. Behin lanak amaituta, mokadu bat eskainiko zaie parte hartzaile guztiei Lauhaizeta Elkartean.
150 bat zuhaitz eta zuhaixka landatuko dituzte jabego publikoko lursailetan, aurreko urteetan egindako landaketak osatuz. “Horiez gain, gure paisaian galzorian diren heskaiak (lursailak banatzeko zuhaixkez sortutako mugak edo hesiak) sortzeko landaketak egingo ditugu, iazko saiakera jarraituz. Zuhaitz landareak aldundiak jarriko ditu”.
Ekimenak helburu bikoitza duela nabarmendu dute: biotopoaren eremuan bertakoa basoa eta paisaia berreskuratzea eta ingurumenaren balioez jendartea heztea, bereziki umeen eta gaztetxoen parte hartzea sustatuz.