Korrika Kulturalak ‘Erlauntza’ antzezlana ikusteko aukera dakar Markina-Xemeinera
Saioa domekan [martxoak 17] izango da, 20:00etan, Uni frontoian. Emanaldia 18 urtetik gorako herritarrei zuzenduta dago. Sarrerak aurretiaz erosi ahal dira, bai Markina-Xemeinen eta baita ere Ondarroan.
Markina-Xemeinen ondoko lekuetan daude sarrerak salgai: Alarabi belar denda, Korrika denda (Guen Kalea, 5) eta euskaltegian. Leku horietaz gain, Ondarroako Ateun harategian ere salgai daude. Sarrerak 12 euro balio ditu (Korrika laguntzaileentzako 10 euro).
Sinopsia. Antzezlanak txikitako neska lagun talde baten gorabeherak konatzen ditu. Haietako batezkondu egiten dela eta, guztiak landa etxe batera joaten dira ezkonduko den lagunaren ezkondu aurreko agur festa egitera. Baina urteak ez dira alferrik joaten, eta elkarren artean lotura handia badute ere, ezer ez da lehen zena, edo bai. Trapu zikinak, inoiz elkarri esan ez zizkioten gauzak, aitorkizunak, alkohola, drogak eta erlauntza bat. «Animalien erreinuan erleak dira hoberen komunikatzen diren izakiak. Eta dirudienez dantza eginez komunikatzen dira…».
Antzezlana Bilboko Arriaga Antzokiak, Gasteizko Teatro Principal Antzokiak eta Donostiako Victoria Eugenia Antzokiak sustatutako Antzerkigintza Berriak ekimenaren esparruan aukeratutako proiektua da.