Paul Ezkauriatza: "Galarrena beste eredu baten aldeko herria sortzen laguntzeko sortu zen"
Galarrena Kultur Elkarteak 20 urte beteko ditu aurten, eta era askotako ekimenak antolatu dituzte ospatzeko. Lekeitio haize fresko, koloretsu eta indartsuarekin eraldatzen jarraitu nahi dute.
Galarrena Kultur Elkarteak 20 urte betetzen ditu. Zein da urte guzti hauetaz egiten duzuen balorazioa? Zer izan da Galarrena eta zer da gaur egun?
20 urte beteko ditugu uztailean eta arin esaten da. Sorreratik gaur egun arte gauza asko gertatu dira Lekeition eta baita ere Euskal Herrian. Galarrena beste eredu baten aldeko herria sortzen laguntzeko sortu zen eta hori da bere eginkizuna. Azken finean, eraikina tresna bat da herri eraldaketan pausuak ematen laguntzeko. Mugimendu batek betetzen duena eta herriaren mesedetan dagoena. Gaur egun hasierako helburuak bere horretan jarraitzen dute. Balore eraldatzaile eta askatzaileetan oinarritutako Lekeitio eta Euskal Herria nahi ditugu eta hori da Galarrenaren apustua. Izan dena eta garenaren arteko hariak lotzen ditu Galarrenak.
Auzolana. Hori izan da Galarrenaren zutabeetako bat. Jendeak inplikatuta jarraitzen du? Nolakoa da auzolan hori gaur egun?
Auzolana izan da dudarik gabe hasieratik Galarrenaren zutabe nagusietako bat. Bakoitzaren ekarpen xumearekin, interes eta nahimen kolektiboak proiektu baten mesedetan jarri izan dira beti. Urteurren honetan gure miresmen eta errekonozimendu osoa luzatu nahi diegu hasiera hasieratik, Galarrenan lanean ibili diren guztiei, baita zoritxarrez gure artean jada ez daudenei ere. Urteurren honetako lantaldeetan belaunaldi desberdinetako jendea gabiltza elkarrekin lanean. Eraikina biziberritzen, sukaldean, barran, egitarauko kontuak lotzen…bakoitzak nahi eta eman dezakeenarekin eraikitzen da egunero Galarrena.
Galarrena ixteko sententzia salatu duzue behin eta berriz. Zertan dago sententzia hori?
Sententzia (eraikina lapurtzea) hor dago eta edozein momentutan aplikatu ahal dute. Sententzia irten zenean Lekeitio eta Euskal Herri osoa laranja kolorez bete zen, eta horri esker lortu genuen munstroa gelditzea. Baina munstroa (sententzia) hor dago eta horren aurrean erne gaude. Hala ere, sententzia, edo oztopoen gainetik, gure proiektua, bizirik dago. Azken finean, beraien helburua eraikina kentzea baino proiektu politikoa gelditzea da, eta hori ez dute sekula lortuko.
Galarrena dakar! leloa jarri diozue urteurren kanpainari. Zer dakar bada Galarrenak?
«Galarrena dakar!» esaerak Lekeition esanahi garrantzitsu bat dauka. Galarrena dator, denboralea, atze gogorra dakarrena. Baina era berean, Galarrena datorrenean haize indartsua sartzen da herrira. Indartsua, energiaz betea eta kaleak astintzeko freskotasunarekin. Horregatik aukeratu genuen lelo hori. 20 urte direlako haize fresko, koloretsu eta indartsuarekin Lekeitio eraldatzen gabiltzala. 20 urte eraikina hutsetik eraiki genuela auzolanean. Urteurren bat ospatzen gabiltza etorkizunera begira eta oinak egunerokotasunean.
Nork dauka lekua Galarrenan?
Galarrenako ateak zabalik daude herri osoarentzat. Ezkertiar eta abertzaleon etxea da, Lekeitio eta Euskal Herri berri bat eraikitzeko arnasgune eta geralekua. Proiektuari ekarpena egin nahi dion oro da ongi etorria. Gogoratu nahi dugu Pototo eta Liher falta direla. Biak ehunka kilometrotara bahituta dagoz Puerto eta Ocañako espetxeetan. Galarrenako ate gainean beraien argazkiak ditugu oso harro, eta etxera bueltatu arte hor edukiko ditugu.
Ze etorkizun ikusten diozue Galarrenari, zeintzuk dira aurrera begirako erronkak?
Etorkizuna egunerokotasunean egiten denaren emaitza da, ez besterik. Orain arte egindakoari esker gaude hemen eta beste horrenbeste egiteko indarrarekin eta ilusioarekin gaude guztiok. Erronka hurbilena urte honetarako prestatzen gabiltzan eskaintza kultural eta politikorekin herria janztea da, bizia ematea. Esku bat bota nahi duen oro ongi etorria izango da dudarik barik.
Egitarau bat prestatu duzue urteurrena ospatzeko. Zeintzuk ekimen egongo dira? Urte osoko egitaraua izango da?
Lehenengoko zita, larunbat honetan dugun ate irekiera jaia izango da. Arratsaldeko zazpietan hasiko dugu kalejira Eskolapetik eta gero irekiko dira ateak. Gurekin izango ditugu Rafa Rueda, Gotzon Barandiaran, DJ Kool eta beste hainbat lagun eta kontu ere. Momentuz apirilera arteko eskaintza aurkeztu dugu. Bertso afaria, kontzertuak, bertso bakarrizketak eta beste hainbat kontu. Aurten Ibilaldia Lekeition ere bada-eta, eta hurrengo ekimenak aurrerago aurkeztuko ditugu, egutegia larregi ez betetzeko.