Kalean da Pablo Fdez. Arrieta musikariaren lan berria
Lehen mailako musikari eta profesionalez inguratu, eta soinu eta estilo propioz bete du 'Batzen Gaituena' izeneko lan berria. Hendaiako Gitarralde jaialdian eskainiko du lehen zuzenekoa.

Lehen mailako musikari eta profesionalez inguratu da Pablo Fdez. Arrieta Markina-Xemeinen bizi den musikaria aspaldiko proiektua zuen Batzen Gaituena diskoa argitaratzeko. 2018ko maiatzaren amaieran Uhagon kulturgunean emandako kontzertuagaz, diskoaren aurrerapena eskaini zion publikoari, eta maitasun guztiagaz zaindu duen lana jarri dio orain, esku artean.
Markina-Xemeingo kontzertuaren ostean, Oiartzungo Mecca Recording estudioan bildu ziren Pablo Fdez. Arrieta, Mario Rossy, Abe Rabade eta Marc Miralta diskoa grabatzeko. Bi eguneko grabazioa batean egin zuten, 10:00etatik goizaldeko 5ak arte, eta uda osoa behar izan zuen edizioa eta nahasketak egiteko. Oiartzunera joan-etorrian ibili zen.
Guztira bederatzi abesti jaso ditu disko berrian, ia denak berak konposatutakoak G.Verdi-ren Lacrymosa, Laboa eta Loa Loa herrikoia eta Alfonsina y el mar izan ezik. Soinu eta estilo propioa bilatu du lan honetan, jazza oinarri hartu eta beste estilo batzuen esentzia barneratu die abestiei, hala nola, flamenkoa, euskal folka edota musika klasikoa.
Musikagintzan eskarmentu handia daukaten Rossy, Rabade eta Miralta ondoan izango zituela jakinda aukeratu zituen diskorako kanta batzuk, Zyryab-en bila eta Hadji Murat, esaterako. «Marck Miraltak eta Mario Roddyk oso ondo jotzen dute jazza, maisuak direlako, baina flamenkoa ere oso ondo ezagutzen dute. Haiekin pentsatuta, beste era batera konposatzen duzu. Erronka bat izan da».

Pablo Fdez. Arrieta, Mario Rossy, Abe Rabade eta Marc Miralta diskoa grabatzen. Argazkia: Josu Arrate ‘Txorixe’
Musikariez gain, diskoko beste xehetasun asko ere zaindu ditu. Xabat Lertxundi izan du diskoaren sorkuntza prozesu osoan laguntzaile. Berriatuko bere estudioan grabatu zituen Loa loa eta Alfonsina y el mar doinuak 2018ko apirilean, eta abesti bi horiek ere proiektuan barneratu ditu. Borja Barrueta bateriaren laguntzagaz grabatu zuen lehenengoa, eta bakarka, gitarragaz, Alfonsina y el mar. Alfonsina Storni poeta argentinarraren amaiera tragikoa kontatzen duen kanta aproposa iruditu zaio diskoari amaiera emateko. «Alfonsinak bere buruaz beste egiten du itsasoan sartuta; Felix Luna idazleak eta Ariel Ramirez konpositoreak betikotu egin zuten poeta Alfonsina y el mar kantagaz».
Lankidetza bereziak. Lan «on» bat kaleratu nahi zuen, eta azken emaitzagaz «oso pozik» geratu da. Josu Arrate Txorixek egin dio bideoa, diseinu grafikoa Jk-k eta azaleko marrazki orijinala Mikel Lertxundi artista berriatuarrarena da. «Euskal Herrian izan ditudan bizipenak barneratu nahi nituen, eta Mikel Lertxundiren lankidetza izatea amets bat betetzea izan da». Musikari profesionalen artean erreferentea den Hal Crook musikari eta irakasle ezagunaren lankidetza berezia ere izan du Fdez. Arrietak. Bostonen (AEB) egon zenean, bere maisu izan zen jazz musikari lotutako izen handiko tronboi jotzailea. Harreman estua izan zuen beragaz, musika mailan bere bizitzako pertsona garrantzitsuetako bat izan dela aitortzen duelarik. Beraz, «jazz maisuen maisuak» eskainitako lankidetza hori «kiribilaren kiribila» izan dela azpimarratu du, hunkituta.
Diskoaren hitzaurrea idatzi dio Cookek. Besteak beste, diskoa lorpen artistiko bikaina dela dio, eta Pablo Fdez. Arrieta mundu mailako gitarrista, musikagile, inprobisatzaile eta talde liderren parean jartzen du. «Bere musika jatorra da, eta jazz musika tradizionalean eta modernoan ez ezik, bere jaioterrria den Euskal Herriko folk musikan ere nabarmentzen da».
Zuzenekoa. Karonte diskoetxeagaz kaleratu du diskoa. Autoekoizpena egiteko asmoz egon zen hasiera batean, baina azken unean, diskoetxeagaz lan egiteko aukera sortu zitzaion, eta lehen kolaborazio hau bere ibilbide artistikoan aurrerapausoa dela dio. Banaketa ere eurak egingo dute, horrela, musika dendetan aurkitu ahalko da diskoa. Lehen zuzenekoa, aldiz, uztailaren 7an, San Fermin egunez Hendaian ospatuko den Gitarralde jaialdian aurkeztuko du. Jean Marie Ekai Itoiz taldeko gitarjoleak gonbidatuta doa bertara.
Atseden apur bat hartuta, ekain aldera, berriz ere konposatzen hasiko da Pablo Fdez. Arrieta, «beste proiektu baterako idazten». Madrilgo (Espainia) jazz klubetan jotzeko gogoa ere badu, baina prisarik barik. «Ez dut lan asko egin nahi, lan onak egin nahi ditut».
BATZEN GAITUENA, abestiak:
1. Bolero de Perico (5:44).
2. Zyryab-en bila (Solea por Bulerías) (6:34).
3. Laboa (6:12).
4. Hadji Murat (4:21).
5. Loa loa (9:27).
6. Lacrymosa (8:46).
7. Waltz for Munera (5:46).
8. Lady Godiva (5:05).
9. Alfonsina y el mar (6:15).