Mutrikun entrenatu du Realeko gizonezkoen lehen taldeak
Mutriku Futbol Taldearen 75. urteurrenaren harira, Realeako gizonezkoen lehen taldeak Mutrikuko San Miguel futbol zelaian egin du lan saioa.
Imanol Alguacilen mutilen bisitak harridura sortu du Mutrikun. Eta euria egin badu ere, txuri-urdinez jantzitako zale asko hurreratu dira futbol zelaira. Harmailak ez eze, inguruak ere jendez bete dira futbol izarrak hurbiletik ikusteko asmoarekin.
Besteak beste, Rulli, Juanmi, Moya, Ruben Pardo, Aritz Elustondo, Theo, Sangalli… hainbat jokaldi egiten ikusi dituzte. Lesioa tarteko, baina, Asier Illarramendik ez du gaurko lan saioan parte hartu, eta min hartuta dauden beste jokalari batzuekin batera hurbiletik jarraitu ditu taldekideen joan-etorriak.
Entrenamendu saioa amaitu dutenean txalo zaparrada artean agurtu dituzte aldageletara bidean joan diren jokalariak. Aldi berean, zaleekin batu eta hitz egiteko tartetxo bat ere hartu dute. Besteak beste, argazkiak atera eta baloiak eta kamisetak sinatu dituzte.