Nahia Quincoces zilarragaz bueltatu da Munduko Txapelketatik
Mendexako mendi eskiatzaileak errelebokako proban lortu du zilarrezko domina. Espainiako selekzioko Marta Garciarekin eta Claudia Galiciarekin osatu du hirukotea.
Oso pozik dagoela eta Munduko Txapelketatik asebeteta bueltatu dela aitortu du Nahia Quincoces Altuna mendi eskiatzaile mendexarra. “Duela bi urte min hartuta nengoenez, ezin izan zuen Munduko Txapelketan parte hartu. Eta aurten arantza hori kentzea lortu dut”.
Podiuma lortzeko faborito ziren. Errelebo proban irtetzen lehenengoa Marta Garcia izan zen, lekukoa hartzen hurrengoa eskiatzaile mendexarra izan zen eta Claudia Galicia proba egiten azkena izan zen. Proba, egia esan, oso borrokatua izan zela agertu du Quincocesek. “Proba osoan lehen, bigarren eta hirugarren ibili ginen. Nire kasuan, esaterako, lekukoa hartu nuenean lehen postuan ginduazen, baina aldaketan aurrea hartu zidaten. Jaisterako orduan ere beste batek aurrea hartu zidan. Gero, berriro ere postuak aurrera egitea lortu nuen, eta berriro ipini nintzen lehenengo postuan, baina hirugarren postuan amaitu nuen nire zatia”.
Proba amaitzeko 25 minutu eta 56,1 segundo behar izan zuten, eta bukaera oso zirraragarria izan zela gaineratu du. Proba irabazi zuten Lorna Bonnel, Lenna Bonnel eta Axelle Gachet Mollaret frantsesek baino zazpi segundo atzerago helmugaratu ziren, baina Chiarello Deborah, Jennifer Fiechter eta Marianne Fatton suitzarrekin erdi batera sartu ziren helmugako marran; dezima bateko aldea izan zuten bi taldeek.”Claudia Garciak postu bat aurrera egitea lortu zuen, baina justo-justo helmugaratu zen bigarren postuan. Ia photo finish-a egin behar izan zuten. Azken unera arte ez zen erabaki lasterketa”.
Munduko txapelketari dagokionez, beste bi probatan ere parte hartu zuen Quincocesek. Lortutako emaitzekin pozik dagoela esan du. Lasterketa bertikala zazpigarren postuan amaitu zuen. “Sekulako maila egon zen. Irabazi zutenek oso ondo egin zuten proba. Pozik amaitu nuen, izan ere, beste batzuetan irabazi izan didatenen aurretik helmugaratu nintzen. Ondo eta indartsu sentitu nintzen”. Andrea Mayr austriarrak irabazi zuen lasterketa bertikala, eta eskiatzaile mendexarrak 2 minutu eta 13 segundo gehiago behar izan zituen proba amaitzeko. (32.35).
Bakarkako lasterketa, berriz, hamalaugarren postuan amaitu zuen. Axelle Gachet Mollaretek baino hamar minutu eta 24 segundo beranduago (1.43.25) amaitu zuen proba. Nabarmendu duenez, lasterketan ez zen oso gustura sentitu. “Goruntz momentu batzuetan hobeto joan nintzen, baina, azkenean, banakako lasterketa batean hainbat faktorek eragiten dute, eta hamalaugarren amaitu nuen. Gauzak hobeto egin ahal nituenaren sentsazioagaz gelditu nintzen; ez nuen egun ona eduki”.
Hurrengo hitzordua asteburuan edukiko du. Munduko Kopako bosgarren jardunaldia jokatuko da Disentis-en (Suitza). Zapatuan [martxoak 23] bakarkako lasterketan parte hartzeko aukera edukiko du eta domekan [martxoak 24], ostera, lasterketa bertikalean. Munduko Koparen sailkapen orokarrari dagokionez, eta Txinan lortutako hiru urreei esker, mendi eskiatzaile mendexarra 482 puntugaz lider dago,behin-behinean.