Ondarroako Udalak txakur errolda eguneratu nahi du
Herriko txakur erroldaren eguneraketa Lea- Artibaiko Amankomunazgoagaz elkarlanean egingo dute. Eguneraketa martxoaren 28an eta 29an egingo dute.
Ondarroako Udala kanpaina berezia egiten ari da herriko txakurren kontrola areagotzeko, eta herriko txakur errolda eguneratzea “urrats ezinbestekoa” dela nabarmendu dute. “Euskadiko Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorrean dauden txakur jabe guztiei gutuna bidaliko zaie txipa eguneratzeko eskatuz. Txakurra hil bada, txakur berririk bada edo orain arte txipik izan ez badu, izena ematera behartuta daude txakur jabeak”.
Herriko txakur erroldaren eguneraketa Lea- Artibaiko Amankomunazgoagaz elkarlanean egingo dute. Eguneraketa egiteko bi egun ezarri dituzte: martxoaren 28an eta 29an, hain zuzen. Egun bi horietan Musika Plazan postu bat ipiniko dute 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
Amankomunazgoak eta udalak erraztasunak jarri nahi dituzte, eta, hori dela eta, errolda egiterako bi egunetan albaitari ofizial bat ere egongo da Musika Plazako postuan. “Bertara gerturatu beharko dute txakur jabeek. Eta nahiz eta orain arte txakurra identifikatu barik eduki, ez da isunik jarriko”. Amakomunazgoaren laguntzari esker, mikrotxipa prezio berezi batean jarriko dute: 20 euroan.
Udal iturriek txakurrek mikrotxipa ezarrita edukitzea beharrezkoa dela nabarmendu dute. “Galtzen edo aldentzen diren txakurrak udaltzaingoetara eramaten dira, baina txipik ez badute hainbat arazo sortzen dira. Horregatik txakur guztiei txipa ipintzea eskatzen dugu, batez ere, aldentzen direnean jabea aurkitzeko”.
Udala, hain zuzen, txakurrei buruzko kontzientziazio kanpaina berezia egiten hasi da, eta errolda eguneratzea kanpaina horren lehen pausoa izango dela aitortu dute. “Gure asmoa ordenantza aldatu eta txakurrak solte ibiltzeko guneak ipini, eta, aldi berean, herri barruan txakurrak lotuta eraman behar direla gogoraraziko zaie jabeei. Errolda eguneratzen dugunean, gainera, gorotzak batzeko poltsak banatuko dira jabeen artean”.