Organo eta txistu kontzertua, zapatuan, Mutrikuko parrokian
Kontzertua 20:00etan hasiko da. Ignacio Arakistain azpeitiarra izango da organo jotzailea, eta Peio Irigoien irundarrak txistua joko du.
Emanaldia Mutrikuko Udalak antolatutako Musika Hilabetea Mutrikun jardunaldiko saio bat da. Kontzertua 20:00etan hasiko da, eta doakoa izango da. “Kontzertu interesgarria izango da. Izan ere, Gipuzkoan hain barneratuta daukagun organoa euskal instrumentu tradizionala den txistuarekin uztartuko da”, esan dute udal ordezkariek.
Ignacio Arakistainek (Azpeitia, 1998) bere jaioterriko Juan de Antxieta musika eskolan eman zituen lehen pausoak. Ondoren, Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioan pianoko erdi mailako ikasketak egin zituen; Junkal Guerrero irakaslearekin aritu zen. “Bere herrian hasi zituen, baita ere, organo ikasketak, Jose Luis Frantzesena irakaslearekin”. Duela urtebete, Euskal Herriko Musikari Gazteen lehiaketako Tekla kategoriako saria jaso zuen. Donostia Hiria sariketan, aldiz, Enrique Lartundo fundazioaren aipamen berezia jaso zuen. Gaur egun organoko goi mailako ikasketak egiten dihardu Musikenen, Esteban Landart, Loreto Fdz. Imaz eta Loic Mallie irakasleekin. Aurten, baita ere, pianoko goi mailako ikasketak hasi ditu Musikenen, Miguel Ituarte maisuaren gidaritzapean.
Peio Irigoien Irunen jaio zen 1992an. Hango musika eskolan tronpeta eta txistu ikasketak hasi zituen Miguel Etxepare eta Ion Irazoki irakasleekin, hurrenez hurren. “Tronpeta ikasketak bertan jarraitu bazituen ere, txistu ikasketak Donostiako Musika Eskolan sakondu zituen, Aitor Arozenaren laguntzarekin”. Egun Musikenen jarraitzen du txistu ikasketekin; Aitor Amilibia maisuarekin ari da ikasten. Esperientzia duen musikaria dela diote; inguruko zein atzerriko talde, pop-rock banda, koru eta dantza taldeekin aritu da. Bakarka ere hainbat emanaldi eskaini izan ditu, Irun Hiria Musika Bandarekin, Donostiako Udal Txistulari Bandarekin eta Hondarribiko Txistulari Bandarekin esaterako. Gaur egun Irungo Kemen dantza taldeko musikarien ardura eta Irungo Txistulari Bandaren zuzendaritza lanak uztartzen ditu. Horrez gain, Oiartzungo Sonuenean txistu irakaslea ere bada.
MUTRIKUKO KONTZERTUKO EGITARAUA:
- Euskal suite I: T. Garbizu (1901-1989). Kontrapasa, Minuetoa, Fandango-Boleroa.
- *Prelude ande fugue in G minor: J. Brahms (1833-1897)
- Txokolo: J.L.Franzesena (1942)
- Le sommiel de l’ange: G. Cuesta (1969)
- Dyptique: N. Hakim (1955)
- Ana Mari (Baltza eta bariazioak): I. Ansorena (1892-1975)