Auzotu ekimena Amallora helduko da martxoaren 31n
Markina-Xemeingo ipuin zaharrekin girotutako Ibilbide mitologikoa egingo dute parte hartzaileek. Gaubela ere antolatu dute bezperarako.
Kultura auzoetara ere eraman asmoz, Markina-Xemeingo Udalak iaz abian jarritako Auzotu ekimena Amallora ailegatuko da aurten. Urtero udalerriko auzo batera ibilaldi kultural bat egitea da asmoa, lehen ekintza Barinagan egin zen iaz, eta oraingoan Amallok hartuko du txanda.
Martxoaren 31rako prestatu dute ekitaldiz betetako ibilaldia. 10:00etan jarri dute hitzordua Goiko Portalean elkartu eta Amallora abiatzeko. Goiko Portaletik Xemeinera eta handik Arretxinagara jarraituko dute ibiltariek Akarregi mendirantz hartzeko, eta Agarre eta Antzabal baserri inguruetatik igaroko dira Amallora heltzeko. 5 bat kilometro inguruko ibibidea izango da, eta aldapak dituen arren, nahiko erraz egiteko modukoa dela esan dute antolatzaileek.
Iaz bezala, aurtengo ekimena ez da ibilaldi soil bat izango. Ibilbidean zehar mitologiako hainbat istorio ezagutzeko aukera egongo da. “Igor Idoeta Herri Bibliotekako arduradunan inguruko kondairak azalduko dizkigu eta Nerea Ibarzabal bertsolariak bertsotara eramango ditu istorio horiek”. Alarabi, Euliski, Barroetako ortulaua… Markina-Xemeingo ipuin zaharrak ezagutu edo gogoratzeko bost bat geldialdi egingo direla aurreratu dute. Sustraiak Naturako kideak ere lagunduko dute bidea arintzen, eta lehen aldiz, Gipuzkoako Kemen Pertsona ezinduen kirol klubeko kideak ere etorriko dira. “Horrela, gurpildun aulkian dagoen herritar batek ere parte hartu ahalko du ibilaldian”, azpimarratu dute.
Amallora heldutakoan hamaiketakoa edukiko dute parte hartzaileek indarberritzeko, eta Amalloko elkartea eta ermita ere zabalik egongo direla azaldu dute, “nahi duenak bisitatu ahal izateko”.
13:30ak inguruan Herribixiko Nerea Gartziak Korrikagaz lotutako klown ikuskizuna eskainiko du, eta 14:30ak aldera autobusa egongo da Amallotik herrigunera itzultzeko.
Bezperatik. Aurtengo Auzotu ekimena, hala ere, bezperan hasiko da, martxoaren 30ean hain zuzen, Herri Bibliotekan egingo den Gaubelarekin. Gaua bibliotekan pasatzeko proposamena egin dute antolatzaileek. 19:15etatik hasita sormen tailerrak, kontu kontaketak eta ezustekoren bat ere egongo dela aurreratu dute. “Bakoitzak bere ogitartekoa eraman behar du afaltzeko eta lotarako sakua lo egiteko”. Gosaria, bestalde, antolatzaileen kontura izango da. “Biblioteka aurreko plazan gozalduko dugu, kanpaleku bat balitz bezala, eta gero, Goiko Portalera joango gara mendi ibilaldian parte hartzeko”.
Auzotu ekimenean parte hartzeko izena eman behar da, aldez aurretik, Herri Bibliotekan. 5 euro jarri behar dira ibilaldi mitologikoa ordaintzeko, eta beste 5 euro Gaubelarako. Izena emateko azken eguna martxoaren 29a izango da.