Hainbat berritasunegaz dator Ondarroako II. Jose Mari Naberan Herri Krosa
Zubi Zahar Herri Ikastolaren ekimenez, II. Jose Mari Naberan Herri Krosa lehiatuko dute domekan [martxoak 24] Ondarroako kaleetan zehar. Ibilbide handian Internet bidez eman behar da izena, bariku gauerdia aurretik.
Antolatzaileek iragarri dutenez, hainbat berritasun dakartza kirol probak. Berritasunen artean, kirol proba aurten udazkenean ordez, udaberrian egingo da. Aurrekoan gainera, zapatu arratsaldean egin zen, eta oraingoan, berriz, domeka goiz-eguerdian egingo da.
Era berean, nagusien lasterketaren ibilbidea ere zer edo zer aldatu egin dutela aitortu dute antolatzaileek. “Aurrekoan barra mustur eta Saturraran inguruetan ibili ziren korrikalariak, baina oraingo honetan herrigunetik egingo dute aringa-aringa. Bi buelta emango diote herriari, bata motzagoa eta bestea luzeagoa, eta modu horretara, zaleek ere errezago ikusi ahal izango dute lasterketa”.
Lasterketagaz, aurten ere, ikastolak aitortza egingo dio Jose Mari Naberan zenari, urteetan herrian atletismoa sustatzeko egin zuen lanagatik.
Aurten ere parte hartzea bultzatu nahi dute, eta azpimarratu dutenez, lasterketan parte hartzea bera izango da garrantzitsuena, eta sailkapena gutxienekoa; batzuk banaka, beste batzuk taldean, baina guztiek ondo pasatzeko aukera izango dute. Horretarako hiru ibilbide egongo dira aukeran: txikia, ertaina eta handia.
Gazteenentzako bi lasterketek kutsu solidarioa edukiko dute aurten ere; batzen den dirua Ekai Lersundiren omenez Naizen elkarteari bideratu diote
Ibilbide handian izena emateko epea bariku [martxoak 22] gauerdian amaituko da. Izen ematea Internet bidez egin beharko da www.kirolprobak.com web atarian, 12 euro ordainduta. Izena ematen duten parte hartzaile nagusi guztiek oparia jasoko dute. Jakitera eman dutenez, lasterketa egunean bertan ezingo da izenik eman. Dortsalak egunean bertan jaso behar dira, Itsasaurre plazan, 11:00etatik aurrera.
Lasterketa txikiaren eta ertainaren kasuan, bestalde, egunean bertan eman ahal izango da izena, 10:00etatik aurrera Itsasaurren. Izena ematea 2 euro izango da. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, gazteenentzako bi lasterketek kutsu solidarioa edukiko dute aurten ere. Ibilbide txikian zein ertainean batzen den dirua Ekai Lersundiren omenez Naizen elkarteari bideratu diote. “Parte hartzeagaz elkartasun ekintza bultzatzeko aukera egongo da. Nahi duenak borondatea emateko aukera ere edukiko du. Batutako guztia ongietorria izango da”.
Probei dagokienez, guztiak Itsasaurren hasi eta amaituko dira. Lasterketa txikian Lehen Hezkuntzako 2. mailara arteko ikasleek parte hartu ahal izango dute, eta 380 metroko ibilbide inklusiboa egin beharko dute. 10:30etan irtengo dute Itsasaurretik, eta Alamedara joan-etorria egingo dute.
Lasterketa ertainean, berez, 16 urtetik beherako korrikalariek parte hartzeko aukera edukiko dute, baina horiekin batera, lasterketa handia egiteko gai ez direla ikusten dutenek edo handia egin nahi ez duten nagusiek ere parte hartu dezakete. 10:30ean hasiko da lasterketa, eta 1.340 metroko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek. Honakoa izango da ibilbidea: Itsasaurre plaza-Alameda-Itsasaurre plaza-Kalatraba-Plaiko morru-Kalatraba-Itsasaurre plaza.
Lasterketa handian, azkenik, 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute. 12:00etan irtenda, 7.200 metroko ibilbidea osatu beharko dute herriko hainbat gunetatik zehar. Itsasaurren plazan bertan arropa uzteko gune bat ipiniko dute, eta proba amaitu ondoren dutxatu nahi dutenek arraun elkartean edukiko dute horretarako aukera.
Oharra: kirol probak irauten duen tarteren batean zirkulazioa moztuta egon daitekeela adierazi dute antolatzaileek. “Pazientzia” eskatu diete gidariei.
I. JOSE MARI NABAREN HERRI KROSEKO ARGAZKI GALERIA: