Hartu Emanak elkartearen eskutik saria, Ispasterko nagusien elkartearentzat eta eskolarentzat
Herriko eskolak eta Bizi nagusien elkarteak hiru ikasturte daramatzate elkartrukeko proiektua lantzen. Orain, Hartu Emanak elkarteak euren lana saritu die.
Transmisioa, magia, batasuna, poztasuna, esperientzia, kultura, edertasuna, esperantza, etorkizuna, handitasuna, harrotasuna, jakinmina… berba askogaz deskribatu liteke Ispasterren azken urteotan esku artean duten ekimena. Izan ere, elkartrukeak askorako ematen du; asko biltzen du bere baitan.
Eskolak eta Bizi nagusien elkarteak orain dela hiru urte jarri zuten lehen alea. Apurka-apurka, alez ale, fruitu emankorra haztea lortu dute, elkarregaz.
Proiektua martxan jarri aurretik, hirugarren adinekoek eta herriko umeek, urtean behin, ibilalditxo bat egiten zuten, eta gurasoek eta irakasleek ere parte hartzen zuten. “Orain dela sei urte hasi ginen, ikasturte hasieran kilometroari buelta eman eta umeekin txokolatada egiten. Elkarteko kideok uste dugu gure ekintza eta gure bizipenak ez dutela bakarrik izan behar nagusientzat”, azaldu du Maite Zabala Bizi elkarteko kideak.
Eskolako ikasleek, irakasleek, guraso elkarteak eta Bizi elkarteak osatzen dute proiektua. Belaunaldi desberdinak batu, eta elkarregaz egonda, elkarrengandik ikastea da helburua. Ezagutzak partekatzea; esperientziak batu, eta jakinminetik jakintzak barneratzea. “Umeen eta nagusien artean transmisioa ematea oso garrantzitsua da”, adierazi du Ainhoa Elordi irakasleak.
Bizi elkarteko kideen proposamenetik abiatu zuten ekimena, eta erantzuna sekulakoa izan da. “Gure jakituria transmititzeko prest geundela esan genien”, dio Zabalak. Hiruhilabeterik behin ekintza bat egiten dute, eta elkarteko kideak ez diren nagusi batzuek ere parte hartzen dute.
Aitortza. Hirugarren ikasturtea dute proiektuagaz, eta orain, euren lanaren eta ibilbidearen errekonozimendua jaso dute. Aurreko astean, EHUren Leioako Kanpusean izan ziren, Hezkuntza fakultatean saria jaso zuten, Hartu Emanak elkartearen eskutik.
“Etengabe hasteko eta gizartean parte hartzeko” helburuak dituen elkartea da, eta urtero belaunaldi desberdinen arteko ekintzak edota proiektuak saritzen ditu aipatu elkarteak.
Leioara joan, eta euren proiektua azaldu zuten, ikus-entzunezko bategaz lagunduta. “Hemen ikusten da halako herri txikietan transmisioa era natural batean ematen dela. Hemen hiru parte batzen dira; azken finean eskola ezin da izan gizartetik aparteko erakunde bat. Eskola gizartearen isla da. Batera joan behar da, eta halako herri txikietan askoz ere errezagoa da hartu eman hori. Lotura hori ikusten da hemen. Aiton-amonak gure seme-alaben hezitzaileak ere badira”, azpimarratu du Elordik.
Antzinako ohituren transmisioa, sahararrekiko elkartasuna, teknologia berrietara jauzia, ingurumenarekiko errespetua… Alor desberdinak landu dituzte, eta gustura ari dira horretan. Aipatu moduan, urtean hiru ekintza egiten dituzte denak batera. “Ekintza guztien aurretik, lanketa bat dago; gaia aukeratuta, eskolan informazioa batzen dugu”.
Lehen hiruhilekoarena finkatuta dute; errotuta. Euskararen Egunaren bueltan, taloak egiteko eta dastatzeko batzen dira. “Lehen urtean talo tailerra egitea pentsatu genuen, aiton-amonek taloak zelan egiten diren umeei erakustea. Asko gustatu zitzaigun denoi, eta horregatik, errepikatu dugu”, azaldu du Zabalak.
Herriko latsarri eta iturri bana ere bisitatu zituzten elkarregaz. “Gaur egun, ura eskuratzea erraza da; nonnahi daukagu, baina, lehenago ez zela horrela izan ikusi zuten”
Umeek eurek ere asko dute irakasteko, eta ordenagailuetatik zein mugikorretatik sarean aritzeko duten trebetasuna aprobetxatuta, nagusiek teknologia berrien erabileran murgiltzeko aukera izan dute. “Esaterako, Internet bidez Osakidetzan txanda eskatzen edota Bizkaibusen ordutegia ikusi ahal dutela ikasti dute. Bigarren urtea da egin duguna. Beti geratzen dira gaiak landu gabe”.
Ingurumena zaintzen. Herriko latsarri eta iturri bana ere bisitatu zituzten elkarregaz. “Gaur egun, ura eskuratzea erraza da; nonnahi daukagu, baina, lehenago ez zela horrela izan ikusi zuten”. Uraren bila zelan joaten ziren azaldu zieten, eta baita labaderoetan arropak etab. garbitzera joaten zirela ere. Ingurua zaintzearen garrantzia barneratuta daukate, eta aiton-amonekin ere lantzen dute: “Uraren erabilera landu genuen Agenda 21ean, eta hori lotuta, hausnarketa egiteko aprobetxatu genuen”.
Hain zuzen, otsailaren 23an Agenda 21ean egin duten ibilbidearen saria jaso zuten. “Aipamen berezi bat da; urteetan ingurumenarekiko erakutsi dugun konpromisoa saritu ziguten. Hamabost bat urte daramatzagu proiektu horretan sartuta; ekintza desberdinak egiten ditugu”.
Proiektu bat hartzen dutenean jarraipena ematen diotela zehaztu du Elordik. “Hori oso garrantzitsua da. Umeek ere badakite ibaira edota Ogellara ura aztertzen joan behar garela”. Urteko programazioan txertatuta daukate. Adibidez, herrigunea garbitzen dute; eskularruak jantzi eta topatzen dituzten hondakinak jasotzen dituzte. Gero, emaitzak batu, eta egoeraren diagnostikoa egiten dute; aurreko ikasturteko emaitzekin alderatzen dituzte, eta hobetzeko zer egin dezaketen hausnartzen dute. Bestalde, ortua daukate eskolan, eta ezkurrak ere landatu dituzte aurten. Perretxikoak batzen ere joaten dira, eta horiei buruz asko ikasten dute irakasle baten aita aditua baita. “Sasoiko gaiak lantzen ditugu”.
Elkarlanetik, harreman polita sortu dela nabarmendu dute. “Denok ados egon eta modu positiboan hartu dugu, eta gauzak horrela irten dira”
Ikasturte honen azken ekintza amamaren bazkaria izango da. “Eurek betiko hiru errezetak erakutsiko dizkiete. Kroketa, patata tortilla eta bizkotxoagaz osatutako menua osatuko dugu”.
Elkarlanetik, harreman polita sortu dela nabarmendu dute. “Denok ados egon eta modu positiboan hartu dugu, eta gauzak horrela irten dira”, esan du Zabalak. Jakintzakaz batera, bizipenak ere partekatzen dituzte, eta zentzu askotan da aberasgarria. “Gozamena da denak batera behar egitea; pila bat ikasten da”.