Lekeitioko Uribarren Abaroa Fundazioak 150. urteurrena ospatuko du
Urteurrena ospatzeko hainbat ekintza egingo dituztela aurreratu dute. Pintura lehiaketa jarri dute abian.
Lekeitioko Uribarren Abaroa Fundazioak 150 urte beteko ditu aurten, hori dela eta datozen hilabeteetan hainbat ekintza burutuko dituztela iragarri dute. Besteak beste, I. Pintura Lehiaketa jarri dute abian. Gaia Uribarren Abaroa Fundazioaren 150. urteurrena izango da, egoitza bera, eguneko zentroa, zoo txikia edota lorategi botanikoa barne hartuta.
Apirilaren 30era arte aurkeztu ahalko dira artelanak Uribarren Abaroa Fundazioan, epaimahaiaren erabakia maiatzaren 11n emango da ezagutzera. Egun horretan egingo dira bai eta ere lanen erakusketa eta sari banaketa.
Hiru kategoria izango ditu lehiaketak. Alde batetik, eskola-maila, 8urtetik 16 urtera. Hiru sari banatuko dituzte horien artean: 1.saria: Tableta bat. 2. saria: ebook bat. 3. saria: pintura materiala. Bestalde, Uribarren Abaroa Fundazioko erabiltzaileak, material artistikoa izango dute sari modura. Eta azkenik, publiko orokorra, horiek ere hiru sari edukiko dituzte: 1. saria: 600 euro, 2. saria: 300 euro eta 3. saria: 150 euro.
Parte hartzaileek nahi duten teknika piktorikoa erabili ahalko dute, euskarriei dagokienez, publiko guztientzako kategorian mihisean aurkeztu behar dira obrak, gainerako kategorietan, aldiz, edozein euskarri erabil daiteke. Epaimahaikideak Mertxe Arrizubieta Lekeitioko Udaleko kultura zinegotzia, Esther Arrieta Arte Ederretan lizentziaduna eta Lekeitoko Arragua kultur elkarteko kide bat izango dira.
Eraldatzen. Uribarren Abaroa Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea 1869. urtean sortu zen Pascual Abaroak sortutako Abaroa ospitalea eta Jose Javier Uribarrenek sortutako San Joseko Uribarren umezurztegia bat egin ondoren. Fundazioaren gobernu eta ordezkaritzarako organoa patronatuko batzordea da, Lekeitioko parrokoak, Lekeitioko alkateak eta Uribarren eta Abaroa familietako ondorengoek osatzen dute.
Sortu zenetik, Fundazioaren lana beharra zutenak eta gaixo eta haurrak zaintzea izan da. Denboraren bilakaerarekin gizartearen behar eta eskaeretara eraldatzen joan zen, 1978an egoitza bihurtu zen, mendekotasun arriskuan dauden hirugarren adineko pertsonei arreta emateko eta 2007. urtean, eguneko zentroa jarri zuten martxan.