Elgoibarko San Pedron emango diote hasiera Gipuzkoako 50. Hiru Txirlo Txapelketari
Lea-Artibaiko bolariek ere parte hartuko dute txapelketan, Itziarko Lasturko taldeagaz, Elgetakoagaz eta Bergarako San Joxepegaz ariko dira jokoan.

Zapatuan [martxoak 23] emango diote bolazaleek hasiera 50. Gipuzkoako Hiru Txirlo bola Joko Txapelketari. Lehen hitzordua Elgoibarko San Pedro bolatokian izango da, beti bezala 17:00etan. Ordubete aurretik egongo da bola probatzeko aukera.
Lea-Artibaiko bolariek ere parte hartuko dute txapelketan, Itziarko Lasturko taldeagaz, Elgetakoagaz eta Bergarako San Joxepegaz ariko dira jokoan.
San Pedroko tiraldian txirlo gehien botatzea lortzen duten lehen sei bolarientzat egongo dira sariak: 65 euro lehenengoarentzat, 50 euro bigarrenarentzat, 35 euro hirugarrenarentzat, 20 euro laugarrenarentzat, 10 euro bosgarrenarentzat eta ustekabea seigarrenarentzat. Horrez gain, jaurtaldi bakoitzeko lehenengo sailkatuak cava botila bat eta seigarren sailkatuak ardo botila bat jasoko dutela aurreratu dute antolatzaileek, Solera Eibarresaren adeitasunez.
San Jose Bola Jaurtiketa. Bestalde, Uratz-Alde elkarteak antolatuta San Jose Egunean Aretxabaletan jokatutako jaurtialdi berezian 43 bolarik parte hartu zutela jakitera eman dute antolatzaileek. Asola Berri elkarteko Bittor Astigarraga eibartarra izan zen irabazlea 6 txirlo botata, bigarren Elgeta elkarteko Sebastian Aranzabal elgetarra geratu zen, 5 txirlogaz eta 33 txirlo botata hirugarrena Asola Berri elkarteko Sergio Rodriguez eibartarra izan zen. Elkartekide onenak ere eduki zuen saria, Inaxio Corresek, hiru txirlo botata eskuratu zituen cava eta ardo botila.