Gaztelekuaren proiektuarekiko konpromisoa agertzeko dokumentu bateratua sinatu dute Markina-Xemeingo hainbat eragilek
Ondokoak dira dokumentua sinatu dutenak: Markina-Xemeingo hiru guraso elkarteak (Herriko Guraso Elkartea, Bekobenta Eskolako Oizpe guraso elkartea eta Bera Kruz ikastolako Guraso Elkartea), Xemein Astialdi Taldeak, udalak eta herriko bi udal talde politikoetako ordezkariek.

Dokumentua sinatuta, sinatzaileek proiektuarekiko konpromisoa berretsi dute. Hala, Gaztelekua “udal zerbitzu publiko” moduan ulertzen dutela esan eta aurrera begira, proiektu horri dagokionez, norabide berean lanean jarraitzeko borondatea agertu dute.
12 eta 16 urte bitarteko nerabeen aisialdiaren esparruan herrian zeuden hutsuneak antzeman eta gero, hiru guraso elkarteek, Xemein Astialdi Taldeak eta Markina-Xemeingo Udalak parte hartze prozesu bat abiatu zuten iaz; prozesu hori Txatxilipurdi ume eta gazteen aisialdi elkarteak gidatuta egin zuten. “Prozesu hori erabat parte hartzailea izan da, eta herriko 250 nerabek parte hartu dute (adin tarte horretako bi ikastetxeetako nerabe guztiek)”.
Hilabeteetan lanketa egiten ibili eta gero, Gazteleku baten beharra azaleratu zela esan dute. “Herriko nerabeek, herriko heitzaileen laguntzagaz, Gazteleku bat sortu, antolatu eta ekimenak antolatzeko gune baten premia ikusi zen”. Sinatzaileek “bereziki” azpimarratu nahi izan dute hezitzailek eta nerabeek izan duten “jarrera eraikitzaile, baikor eta kohesionatzailea”. Gaineratu dutenez, jarrera horrek ahalbidetu du “herriarentzat eta nerabeentzat guztiz positiboa eta ilusionagarria den proiektu bat garatzea”.
Proiektua zerbitzu publiko moduan ulertzen dutenez, horren urteko jardunaren aldez aurretiko plangintza bat egingo dela esan dute. “Urteko premiak identifikatu eta horiei erantzuteko udal aurrekontuetatik sail bat bideratuko da“. Horri esker, lokalaren mantenua, hezitzaile eta taldearen kontrataziorako diru izendapena eta jardueretarako diru izendapena jasoko dela diote.
Ondokoak dira dokumentua sinatu dutenak:
- Rafa Olabarria Azpiri (Herriko Bateratze Guraso Elkarteko lehendakaria)
- Monika Amillategi Eizagirre (Bekobentako Oizpe Guraso elkarteko lehendakaria)
- Mikel Errazkin Agirrezabala (Bera Kruz Ikastolako Guraso Elkarteko lehendakaria)
- Uxue Larrea Rementeria (Xemein Astialdi Taldeko lehendakaria)
- Luis Maria Egurrola Arakistain (Markina-Xemeingo EAJ)
- Aitor Odiaga Garate (Markina-Xemeingo EH Bildu)