Lea-Artibai Bertsolari Gazteen BBK Sariketatik kanpo geratu da
Markina-Xemeingo kultur aretoan jokatu dute laugarren saioa Lea-Artibaik eta Durangaldeak. Bekobenta eta Berakruz ikastetxeetako ikasleak izan dituzte entzule.

Bertsolari Gazteen 27. BBK sariketako laugarren kanporaketa egin da gaur [martxoak 21] goizean Markina-Xemeingo kultur aretoan, Lea-Artibai eta Durangaldea taldeen artean. Irabazle Durangaldea taldea izan da, beraz, Lea-Artibaiko taldea sariketatik kanpo geratu da.
Guztira, 436 puntu lortu ditu Durangaldeak, Lea-Artibaik, ostera, 380 puntu. Gaurko saioko aurkezlea Jone Antsotegi izan da eta epaimahaia Miriam Juaristi, Beñat Romero eta Jose Garaizabalek osatu dute. Idazkari lanetan Ione Narbaizak jardun du. Ohi modura 18 urtera artekoek egin dute bertsotan hasteko eta 19-24 urte bitartekoak ondoren. Hauek izan dira kantatu duten bertsolari gazteak: Lea-Artibaitik, Sara Asenjo, Antton Bereziartua, Eider Gallastegi, Nahia Ibarzabal, Aissa Intxausti eta Garazi Navarro; Durangaldetik, Irune Basagoiti, Bittor Altube, Ander Sarriugarte, Eneko Barruetabeña, Igor Galarza eta Gorka Pagonabarraga.

Markina-Xemeinen jokatu den Bertsolari Gazteen BBK Sariketa. Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea
Saioan giro oso ona egon da, eta Bekobenta eta Berakruz ikastetxeetako ikasleek bete dute aretoa. Durangaldea taldeak, martxoaren 28an Sopelan jokatuko den bigarren finalaurrekorako txartela lortu du gaurko kanporaketa irabazita, Uribe Kosta taldearekin jokatuko du saioa.