Mutriku eta Deba arteko errepideko bide bat itxi dute
Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek Mutriku eta Deba lotzen dituen GI-638 errepidearen bide bat ixtea erabaki dute gaur [martxoak 21] lanak “behar bezala burutzeko”. Goizean, hain zuen, zirkulazioa gidatzeko semaforoak ipini dituzte Ipitxarriko bihurgunea baino lehen eta Ondarbeltz hondartzaren hasieran.
Udal iturriek gogorarazi dutenez, zirkulazioa apirilaren 26ra arte mantenduko da semaforoz zuzenduta. Egun horretan errepidea guztiz itxiko da, eta bost hilabetez ezingo du inork erabili. Ordezko bidea Galbaixokoa izango da. “Lan hauek burutzen ari diren bitartean bizikletek ere debekatuta izango dute GI-638 errepidetik igarotzea. Era berean, esan behar da bost bat hilabetez ezinbestean jasango ditugun eragozpenen aurrean erabiltzaileei pazientziaz jokatzea eskatu nahi diegu; bukatu ondoren ekarriko dituen hobekuntzak denok gozatuko baititugu. Errepide honen erabiltzaileei aldez aurretik barkamena eskatu nahi diegu, lanek sortuko dituzten eragozpenengatik”.