Organo eta txistu kontzertuagaz hasiko da Markina-Xemeingo Musika Haizeak zikloa
Hiru hitzordu izango ditu zapatuan hasiko den musika zikloak; sarrera doan izango da denetan.

Musika klasikoa sustatu asmoz hiru kontzertuko zikloa antolatu du Markina-Xemeingo Udalak herriko musikarien eskutik. Musika Haizeak zikloak musikaz gozatzeko hiru hitzordu berezi eskainiko ditu, kontzertu guztiak binaka izango dira eta instrumentu ezberdinak bateratuko dituzte. Sarrera doan izango da denetan.
Zapatuan [martxoak 23] bertan edukiko dute musikazaleek lehen kontzertuaz gozatzeko aukera. Mikel Ansola organo-jole markina-xemeindarrak eta Aritz Labrador txistu-jole zornotzarrak eskainiko dute emanaldia 19:00etan, Xemeingo elizan. Organoa herriko instrumentua izanik, zikloan sartzea erabaki zutela jakitera eman du Mikel Ansolak. “Aspalditik neukan organoa eta txistua uztartzen zituen kontzertu bat egiteko ideia, eta Musikeneko Aritz Labradorrek eta biok organo eta txisturako programa bat eratu dugu”. Askorentzat batura arraroa izan daitekena konbinazio oso polita dela azpimarratu du Markina-Xemeingo musikariak. “Plaza batetik kanpo ematen den ukitu herrikoia daukan elkarketa bat da”. Kontzertua bitxia bezain berezia izengo dela aurreratu du, entzutera joateko gonbitea luzatuz.
Egitarauari dagokionez, batez ere konpositore euskaldunen lanak joko dituzte. Horrez gain konpositore Libanes batek idatzitako diptiko bat ere joko dute eta musika frantsesa ere egongo da. Gainera, kontzertua ondo jarraitu ahal izateko pantaila jarriko dute, publikoan dena ondo ikus dezan.
Biharren kontzertua apirilaren 20an izango da, 19:00etan, Arretxinagako baselizan. Harrien azpian piano bat jarriko dute, eta lau eskura joko dute Lucia Arzallus donostiarrak eta Ignacio Arakistain azpeitiarrak. Zuzenean piano kontzertu bat entzuteko aukera gutxitan ematen da herri batean, eta are gutxiago bi pertsonak jotzea, eta beraz, berezitasun hori eskaintzea erabaki dute antolatzaileek.
Azkenik, herriko musikari bi batuko ditu maiatzaren 4an zikloari amaiera emateko prestatu duten kontzertuak: Mikel Ansola organo-jolea eta Maddi Txurruka tronpeta-jolea. Urteak dira Maddi Txurrukak Martin Alberdi musikariagaz Xemeingo Gauan jo zuela, eta Alberdi gogoan, berriz ere programa hori muntatzea erabaki dute organoa eta tronpeta batuz. Xemeingo elizak hartuko du azken kontzertua.