Apirilaren 19ra arte aurkeztu ahal dira Cikamintza beka lortzeko eskabideak
Bekak udan atzerrian hizkuntzak ikastera doazen gazteak laguntzea du helburu. Cikautxo kooperatibak hirugarren urtez jarraian emango ditu diru laguntzak. Gehienez, ere, pertsonako 1.750 euroko diru laguntza emango dute.
Cikautxo kooperatibak bultzatutako Cikamintza bekak ingelesa, frantsesa edo alemana ikasteko gogoa duten eta kanpora joan nahi duten eskualdeko gazteei eukera hori erraztea du helburu. 2001etik 2005era bitartean jaiotako Lea-Artibaiko herritarrek egin ahal dituzte eskaerak. Horrez gain, eskaerak aurkezten dituztenek euskara menperatu behar dutela gaineratu dute. Apirilaren 19a da eskaerak aurkezteko azken eguna.
Eskaera egiteko, ondoko agiriak bidali behar dira posta elektronikoz (cikamintza@cikautxo.com): eskatzailearen nortasun agiria eskaneatuta, Lea-Artibain hiru urtez erroldatuta dagoela bermatzen duen udal agiria eta euskara menperatzen duela adierazten duen ziurtagiria. Azaldu dutenez, gehinez ere, pertsonako 1.750 euroko diru laguntza emango dute. Horrez gain, beka kopurua baino eskaera gehiago baleude, iaz beka jaso zutenak zozketatik kanpo geratuko lirateke.
Bekaren ordainketa bi zatitan egingo dela aurreratu dute. 1.000 euro justifikazioa jasotzean emango dute (matrikula, bidaia…), eta 750 euro bidaia egin eta ikasketa zentroaren ziurtagiria aurkeztu ondoren.
Lanerako zein bizitzarako hizkuntzek gero eta garrantzi handiagoa dutela ikusita, Cikautxok hirugarren urtez jarraian emango ditu bekak. “Gaur egun, distantziak moztuz doazen heinean eta kultura eta herrialde ezberdinak gero eta hurbilago ditugun honetan, hizkuntzek daukaten garrantzia geroz eta handiagoa da”.
Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gero, Cikautxoko ordezkariak zuzenean eskatzaileekin jarriko dira harremanetan. “Beka horien erabilera zuzena dela bermatzeko, Cikautxok bidaia, matrikula, egonaldia eta abar arrazoitzen dituen ordainagiriak eskatuko ditu; agiri horiek bidaiatu aurretik eta bidaia egin eta gero aurkeztu beharko dira”.