Garazi Burgoa eta Xabier Gojenola: "Gazteriak politika kalean eta eguneroko erabakietan ulertzen du"
Gazteriak antolatzeko eta borrokatzeko beharra daukala diote Gojenolak eta Burgoak; Euskal Herri sozialista, feminista, euskalduna eta askea eraikitzeko bide bakarra dela.

Nondik dator Bulkada berrien garaia da dinamika?
Garazi Burgoa: Aurten 40 urte betetzen dira Jarrai gazte antolakundea sortu zela. Urtemuga hori baliatu du Ezker Abertzaleko gazte mugimenduak iraganean gazte antolakundeetan aritutakoak, gaur egun ari direnak eta etorkizunean ariko direnak batzeko.
Zer da aldarrikatu nahi dena?
Xabier Gojenola: Gazte mugimenduak indartsu jarraitzen duela nabarmendu nahi dugu. Duela 40 urte askatasunaren alde borrokatzeko konpromisoa hartu zuten hainbat gaztek, eta gaur egun ere, gazteok ardura eta erantzukizun beragaz jarraitzen dugu gure herriaren askatasunaren alde borrokan. Gazte borroka ezinbestekoa izan da Euskal Herria gaur egungo testuingurura ekartzeko, eta aurrerantzean ere borroka horrek merezi duela eta beharrezkoa dela aldarrikatuko dugu.
Zein helbururekin ospatuko duzue Ondarroan eskualdeko Bulkada Eguna?
G.B.: Dinamika hau zabala eta anitza izaten ari da. Herriz herri 40 urtean militante izan garenon arteko hitzaldiak, afariak⦠egin ditugu, eta horren ostean, eskualde mailako baterajotze bat egitea beharrezkotzat jo dugu. Urte hauetan guztietan eskualde mailan antolatuta egon gara. Hainbat borroka garatu ditugu, eta horiek ezagutarazi eta belaunaldi desberdinetako militanteok gure esperientziak partekatzeko eguna izatea espero dugu, elkar ezagutzeagaz batera.
Nori egiten diozue deialdia?
X.G.: 40 urteotan Ezker Abertzaleko antolakundeetako militante izan garenontzako egun handia izateaz gain, eskualdeko gazteak batzea espero dugu. Gazte antolakundeetan aritutakoez gain, egun hau euskal nazio askapen mugimenduagaz konprometituta egon garenon eta gaudenon bilgunea izatea nahi dugu. Jai giroa eta borrokarako aldarrikapenak bermatuta egongo dira egun osoko eskaintzagaz.
Gazteei dagokienez, gaur egun zer nolako inplikazioa dago?
G.B.: Askotan entzuten da gazteok inplikazio falta dugula, ez dugula ezer aldatzeko nahirik ezta beharrik, politikatik urrun gaudela. Baina guk ez dugu uste hori horrela denik. Sumiso eta isilik nahi gaitu sistemak bere aginduen menpe, baina guk horren aurrean gazteon berezko errebeldiaren, ezinegonaren eta antolatzeko eta borrokatzeko gaitasunaren apologia egin nahi dugu. Ez da egia gazteak ez direla inplikatzen; gazteriak politika ez du instituzioetan ulertzen, kalean eta eguneroko borroka eta erabakietan ulertzen dugu, eta baita horrela demostratu ere Euskal Herrian, eta gure eskualdean egon diren azkenengo mobilizazioetan.
Borrokarako argudioak soberan daudela diozue. Zeintzuk dira argudio horiek?
X.G.: Sistema kapitalista heteropatriarkalak agindu, frantziar eta espainiar estatuek inposatu, eta euskal oligarkiak, gure kasuan PNVk bermatzen duen herri eta jendarte ereduak ez digu gazteoi beste biderik uzten. Eskuin muturraren gorakada, langile klaseak, bereziki gazteok bizi dugun prekarizazio prozesu basatia, emantzipatzeko ezintasuna, globalizazio kulturala, emakumeon* kontrako biolentzia sistematikoa… Gazteria bidegurutze batean dago: bizitza aske eta duinak bermatuko dituen sistema baten alde borrokatu eta kateatzen gaituzten estatuen aurka oldartu, edo sistema zapaltzaile honetan biziraun. Gure hautua argia da, gazteok antolatzeko eta borrokatzeko beharra daukagu, eta horretarako deia luzatu nahi diogu gazteriari. Euskal Herria sozialista, feminista, euskalduna eta askea eraikitzea da daukagun aukera bakarra. Borrokak merezi duelako. Herriak merezi duelako.