Lea-Artibai, 2018an Bizkai mailan birziklapen tasarik altuena lortu duen eskualdea
Organikoa bereizita jaso den lehen urtea izan zen iaz. Espero bezala, sortutako errefus kopurua jaitsi egin dela eta gainerako gaiak igo egin direla esan dute. Hala, Lea-Artibaik %43ko birziklapen tasa lortu duela esan dute (Bizkai osoko daturik onena).
Datuak “ona” izan direla esateko, Amankomunazgoak 2017ko eta 2018ko datuak alderatu ditu. Izan ere, 2017an ez zen eskualde osoan organikoa bereizten. Urte batetik bestera errefusak eduki duen beherakada azpimarratu nahi izan dute: 2017an baino 1.133.280 kilo errefus gutxiago batu ziren iaz.
“Kontuan hartu behar da zabor gehien sortzen dutenak (ikastetxeak, tabernak, jatetxeak, janari dendak…) 2018ko bigarren hiruhilekoan hasi zirela organikoa bereizten”. Horrez gain, iaz puntu mugikorra ere ez zegoela gaineratu dute. “Beraz, oraindik orain emaitzak hobetu daitezke“.
Rakel Elu Bengoetxea Amankomunazgoko lehendakariak esan duenez, zituzten aurreikuspenak bete egin dira. “Organikoa sailkatzeko erraztasunak ipinita, herritarrek errazago sailkatu dute gainerako gainerako zaborra. Eta herritarren konpromisoa ere handitzen doa”. Oro har, Lea-Artibai ingurumenaren errespetuarekin kontzientziatuta dagoen eskualdea dela gaineratu du. “Erronka da joera honekin jarraitzea. Emaitzak hobetu egingo direla espero dugu”.