Antzerkigintza amateurra egiten dutenen plaza bilakatuko da Lekeitio barikutik domekara arte
Ertzak izenburupean, antzerki topaketak egingo dituzte. Antzezlanak ikusteko aukera edukitzeaz gain, formakuntza eta eztabaidarako saioak ere antolatu dituzte.

Antzerkia modu ez profesionalean, ez komertzialean egiten dutenak saretzea helburu hartuta jaio da Ertzak plataforma. Lehenengo ekintza topaketak izango dira, barikutik domekara [martxoak 29-31], Lekeition. Hiru egunetan, antzezlanak ikusteko aukera eta formakuntza eta eztabaida saioak egongo direla aurreratu dute.
Haratzago Ibilaldiaren haritik jaio da ekimena. “Ibilaldiak esparru desberdinetan izan nahi du eragile, garatze prozesuan egon daitezkeen proiektuei lagunduz. Gerora, herrian geratuko diren dinamika moduan manten daitezen”. Azaldu dutenez, proiektuak “euskal eszenaren aniztasuna bildu eta ikustarazteko espazioa” da Ertzak. “Euskaratik egiten den teatroaren geruza anitzek lekua duten oholtza da”. Proiektua martxan jartzeko Lekeitioko Muntu antzerki taldeak “ezinbesteko” bultzada eman duela esan dute, eta ondorioz, hiru egunetan talde hori anfitrioia izango dela esan dute.
Topaketak egin eta gero, aurrera begira, plataforma sare baten moduan ertzak harilkatzen eta hazten joango dela esan dute.
EGITARAUA:
- Barikua (martxoak 29):
- 19:45ean, Dzapart Tabernan: Txikiren umorezko bakarrizketa. Doan
- 22:00ak, Ikusgarri zinema aretoan: Zorion hutsa (Katiuska antzerki taldea). Prezioa: 5 euro.
- Zapatua (martxoak 30):
- 11:00-13:00: Mugimendua eta ukimena (Olatz de Andres) tailerra, Arropaineko Arraguan.
- 16:30ean, Azkue aretoan: EHAZE mahai-ingurua: Teatro geruzak. Moderatzailea: Eneritz Artetxe. Hizlariak: Ander Lipus, Arantzazu Fernandez, Idoia Gereñu eta Gaizka Sarasola.
- 18:45ean, Barandiaran aretoan: Work in progress (Karrika antzerki taldea). Doan
- 19:30ean, Barandiaran aretoan: Klak (Muntu antzerki taldea). Doan.
- 22:00ak, Ikusgarri zinema aretoan: Heriotza bikoitza (Ze Onda antzerki konpainia). Prezioa: 10 euro.
- Domeka (martxoak 31):
- 10:00-11:30: Argiztapenaren oinarriak artistentzat tailerra (Leire Salamanca), Ikusgarrin. Doan.
- 12:30ean, Barandiaran aretoan: Komuneko zulotik (Hamaika buelta antzerki taldea). Doan.
- 17:00etan, Ikusgarrin: Txoriak eta zauriak (Mairu antzerki taldea). Prezioa: 5 euro.