Astigarragak eta Gandiaga II.ak jantzi dituzte Beteranoen Trinketeko txapelak
Ikusmin handia eragin du Lekeition jokatu den Beteranoen Trinketeko Eskupilota Txapelketaren finalak. Mallabiako jarraitzaileak ere bete zuten trinketea.

Astigarraga debarrak eta Gandiaga II.a berriatuarrak irabazi dute XIV. Beteranoen Trinkete Txapelketa. Lana txukuna eginda jantzi dituzte txapelak; lehiaketa osoan ez dute partidurik galdu, eta sendo aritu da bikotea, 30-20 emaitzagaz nagusitu ziren. Finalean ere jokaldi politak eskaini zituzten. Astigarraga ondo moldatu zen sakean, eta 65 urtegaz sasoian dagoela erakutsi zuen. Partidako onena Gandiaga II.ena izan dela adierazi dute antolatzaileek, “bere kokapen eta egindako jokaldiengatik”.
Beraza elgoibartarra eta Telleria mallabitarra aurkari gogorrak izan ziren. Telleria partiduko pisua eramaten saiatu zen, eta sakeak aterata eta postua aldatuz tanto batzuk egitea lortu zuen. Hala ere, aurkariek partidak irakurtzen badakitela utzi zuten argi, “eta mallabitarrari jokoa kendu eta gainetik pasatuz lortu dute mehatxu hori ekiditea”. Beraza, aldiz, ez zen gustura aritu atzean, eta ez zuen ohi duen joko ona erakutsi.
Finalagaz gainera, 3. 4. 5. et 6. postuak erabakitzeko partiduak lehiatu ziren. Espero baino errazago erabaki ziren 3. eta 4. postuak. Borroka gehiago espero bazen ere, Pradera mallabitarrak eta Gandiaga I berriatuarrak ez zeukaten 3. postuari ihes egiten uzteko asmorik, eta ez zieten Jaunarena eta Fosterri ezelako aukerarik eman, 30-9 irabazi zuten. “Zaila da gazte bikote honi aurre egitea. Ondo ibili ziren, jokaldi guztietara irtenda”. Praderak min handia egin zuen sakez, eta Gandiaga I.ak zulo guztiak estalita ez zuen tantorik egiteko aukerarik eman. “Jaunarena saiatu zen aurrean nahasten, baina ezinean ibili zen. Fosterrek ez zuen erakutsi bere maila”. Lekeitiar onenaren saria eraman zuen Fosterrek.
5. eta 6. postuak jokatu barik erabaki ziren. Jabier Bastida debarrak ezin izan zuen finaletan egon, eta automatikoki Moral lekeitiarrarentzat eta Mendaroko Egañarentzat izan zen 5. postua. Hala ere, Moralek eta Condek lagunartekoa jokatu zuten, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, partida horri esker eraman zuen Condek umoretsuenaren sari berezia.
Ikusmin handia eragin du, beste behin ere, Lekeition jokatu den Beteranoen Trinketeko Eskupilota Txapelketaren finalak. Mallabiko jarraitzaileak ere bete zuten trinketea German Telleriari animorik ez falta izateko, baina, oraingoan, ezin izan dute laugarren txapela janzten ikusi. Ohi bezala, partiden ondoren banatu zituzten sariak MTE Elgoibarko enpresako eta Trinkete aterpetxeko ordezkarien eta Koldo Goitia Lekeitioko alkatearen eta Josu Itza kirol zinegotziaren laguntzagaz.
Ondorengoan izan ziren sarituak:
- Txapeldunak: Astigarraga (65 urte-Deba) – Gandiaga II. (40 urte-Berritxu)
- Azpitxapeldunak: Beraza (59 urte-Elgoibar) – Telleria (47 urte – Mallabia)
- Finaleko jokalari onena: Iban Gandiaga
- Ekitaldiko jokalari umoetsuena: Jose Conde
- Txapelketako beteranoena: Iñaki Asigarraga
- Ekitaldiko lekeitiar onena : Fernando Intxausti Foster














